Plazaolako trenbidean herritar eta bisitari asko ibiltzen denez, Udalak turismo ikuspuntutik erakargarria eta garrantzitsua den trenbide zaharrean konponketa lanak egiteko asmoa du. Bideko zati askotan egurrezko hesia dagoeneko egoera nahiko txarrean dago: ustelduta, lurrean erorita edo egoera kaxkarrean. Hesiak konpondu eta aldatzeko memoria eta aurrekontuak prestatu zituen Udalak hainbat diru-laguntza deialdietan aurkezteko.
Cederna-Garalur elkartearen bitartez 50.000€ jasoko ditu Europako FEDER programatik gaur egun egoera txarrean dauden hesiak kendu eta berriak jartzeko. Gainera, hesietan erabiliko den materialak hesien iraunkortasun maila handiagoa bermatuko du.
Hiru mendi ibilbide erregistratu eta seinaleztatuko dira proiektu berean
Geroz eta gehiago dira inguruko mendietara hurbiltzen diren bisitariak. Hori dela eta, Leitzako Udalaren asmoa mendiko hiru ibilbide erregistratu eta seinaleztatzea da. Horri esker, Leitzako ibilbide sarea, sei ibilbide izatera pasako litzateke.
Gaur egun Leitzalarrean dauden ibilbideak mantentzeaz gain, Iberoko dorreraino doan ibilbide berri bat sortuko dute, mendizaleek ibilaldiaren ondoren, Erdi Aroko konplexu arkitektoniko honetara iritsi eta gozatzeko aukera izan dezaten.
Bestalde, Sorogain, Kornieta eta Aritz-mendiko paisaiak Plazaolako trenbidearekin lotuko dituzten beste bi ibilbide ere osatzeko asmoa dauka Udalak. Turismoa arlorako jasotako diru-laguntzaz gain, Udalak 20.000 euro inguruko inbertsioa eginen du, proiektuaren kostua guztira 70.000 euro izango direlarik. Lanak, uda ondoren hastea direla aurreikusi dute.