Buruz buruko bosgarren txapelaren bila aterako da Aimar Olaizola hamargarren finalean

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 25a, 07:48

Aimar Olaizola eta Jokin Altuna, pilota aukeraketan.

Altuna III.a izanen du arerio igandean lepo betea egonen den Bilboko Bizkaia pilotalekuan

Aimar Olaizola goizuetarrak eta Jokin Altuna amezketarrak buruz buruko pilota final handia jokatuko dute igandean jendez lepo egonen den Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Sarrera guztiak salduak daude. Ortzegunean egin zuten pilota aukeraketa eta biak gustura gelditu ziren. Bosgarren txapelaren bila joanen da goizuetarra bere hamargarren finalean, 38 urterekin. Amezketakoak estreineko agerraldia du finalean, baina txapela jantzi nahi du 21 urterekin.

 

Bi finalistek final gogorra izanen dela uste dute. Olaizola II.ari zaila egiten zaio Altuna III.ari nola jokatu behar dion aurreikustea. «Ez du zulorik. Baina buruz buru ezin da miraririk egin», adierazi du.

Sakea izanen da finalaren gakoetako bat. «Altuna sakatzaile handia da. Opariak egin eta berak sakea hartzen badu, ezinezkoa izango da irabaztea», ohartarazi dio goizuetarrak bere buruari.

Olaizola II.ak buruz buruko hamargarren finala jokatuko du, 38 urterekin. «Ia inork ez zuen espero ni honaino iristerik. Nik ere zail ikusten nuen. Sari bat bezala hartu dut», azaldu du. Txapelketa honetan «inoiz baino maitatuago» sentitu da. Olaizola II.aren iritziz, adinarengatik eta jendeak finalera iristea espero ez zuelako izan da horrela. Lau txapel jantziak ditu eta bosgarrena du helburu.

Altuna III.ak, berriz, buruz buruko lehen finala du igandekoa, eta ilusio handia nabari zaio. «Gauero ematen dizkiot bueltak partidari. Beti horretan pentsatzen. Ni seguru nago berak ondo jokatuko duela», dio.

Partidak ikusmin handia piztu du pilotazaleen artean eta aspaldian agortu ziren sarrerak. Igandean argituko da bietako nor nagusituko den.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun