Eskulangintza Azoka izanen dute maiatzaren 27an Leitzan

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 25a, 06:30

Jendetza biltzen da artisau azokan

Bezperan, berriz, mendi irteera, hamaiketako solidarioa eta kantu saioa

Kultur Aroa aurrera doa. Hilabete hondarreko astebururako gogotsu daude herritarrak. Atzo Siriako errefuxiatuen egoera izan zuten hizpide. Gaur, 18:30ean, berriz, euskal kultura tradizionalaren oinordekotzari buruzko hainbat gako ezagutzeko aukera izanen dute. Ondotik, 19:30ean, tribial feminista izanen dute, Atekabeltzen.

 

Indar guztiak ez dituzte agortuko. Ekitaldiok asteburuaren iragarle izanen dira. Larunbatean, 07:00etan, plazan dute hitzordua. Mendizaleak Bardeetara joanen dira. Lasai-lasaia egon nahi dutenek, berriz, Siriako hamaiketako solidarioan parte har dezake, 12:00etatik 14:00etara plazan. Osteguneko hitzaldiaz hitz egiteko aitzakia polita. Ilunabarrean, 19:30ean, musikazaleen txanda izanen da. Izaieta izanen dute bilgune. Jeiki Abesbatzaren doinupean murgilduko dira.

Igandean, berriz, Eskulangintza Azokaren 40. edizioa izanen dute, plazan. Bisitariek inguruko artisauek egindako eskulanak ikusi eta erosteko aukera izanen dute.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun