Ibero dorrearen zaharberritzea, Leitzako Erdi Aroko burdinolaren multzoa berreskuratzeko lehendabiziko pausoa

Ttipi-Ttapa 2018ko mai. 24a, 06:55
Nafarroako Gobernuko ordezkariek eta Leitza eta Goizuetako alkateek lanak bisitatu zituzten asteazken goizean.

Nafarroako Gobernuko Ana Herrera kontseilariak lanak bisitatu zituen maiatzaren 23an, Leitzako eta Goizuetako udalekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren harira

Nafarroako Gobernuko Kultura, Gazteria eta Kiroleko kontseilari Ana Herrerak Leitzako Ibero dorrea zaharberritzeko lanak bisitatu zituen maiatzaren 23an, asteazken goizean, multzo historiko hau zaharberritu eta ezagutzera emateko Leitzako eta Goizuetako udalekin sinatu duen lankidetza-hitzarmenaren harira. Eraikin-multzo honek, dorrea ez ezik, Erdi Aroko burdinola baten aurriak, Erdi Aroko zubia eta baserri bat ditu.

 

Ibero dorrea zaharberritzeko lehendabiziko lanak 2017an hasi eta joan den martxoaren 12an berrabiatu ziren, urte bukaerarako osatzeko asmoz. 2006tik 2009ra bitartean teilatua eta solairuak amildu zitzaizkion dorre honen zaharberritzea ondare-multzo historiko hau berreskuratzeko lehendabiziko urratsa baizik ez da, izan ere, baliteke Nafarroan kontserbatutako Erdi Aroko industria-gune bakarra izatea. 2011n, Leitzako udalak eraikinak eta lurzoruak erosi zituen, bertako ondare materiala eta immaterialari eusteko asmoz. Ingurua eta Erdi Aroko zubia Goizuetako udal-mugartearekiko mugan daude, herri horren erdigunea dorretik eta burdinolatik bi kilometro eskasera kokatuta baitago.

Ingurua bisitatu ondoren, zaharberritu eta biziberritzeko lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Goizuetako Udaletxean.

Nafarroako Gobernuak bere gain hartu du dorrea zaharberritzeko lanen kostua, 445.257 euroko zenbatekoarekin, eta Leitzako eta Goizuetako udalek beharrezko eginahal guztiak eginen dituzte inguru horretarako sarbidea bermatzeko, ibilbideak eta aparkalekua jarriz, aldameneko baserria kontserbatuz eta Erdi Aroko burdinolaren aurriei dagokien balioa emanez.

Hitzarmenean jaso den bezalaxe, Iberoko ingurua zaindu, mantendu eta ezagutzera emateko bideratu beharreko ekintza guztien artean, bi udalek auzolana bultzatuko dute, komunitatea eta lurraldea ondare kulturalaren biziberritze eta zabalkundean uztartzeko asmoz.

Era berean, Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko du Erdi Aroko zubia eraberritzeko eta oinarrizko sarbidetzat egokitzeko proiektua aurrera ateratzeko ardura. Proiektua lizitazio-prozesuan dago jadanik, 150.000 euroko aurrekontuarekin.

Bisitan parte hartu dute, halaber, Ondare Historikoaren Zerbitzuko zuzendari Carlos Martínez Álavak, dorrearen proiektuaran arduradun José Luis Fránchezek eta, hurrenez hurren, Leitzako eta Goizuetako alkate diren Mikel Zabaletak eta Unai Loiartek.

 

Zutik XIV. mendeaz geroztik

Ibero dorrea Erdi Aroko burdinola zaharreko industria-guneari atxikita dago, Leitzako udal-mugartean kokatuta. Dorreaz gain, esparruan Erdi Aroko zubia, burdinolaren aurriak eta erabiltzen ez den baserri bat daude. Aipatutako elementu guztiak leku txiki-txikian pilatuta egotea da gunearen bereizgarria.

Dorrea XIV. mendean eraiki zen, Karlos II.a Evreuxkoaren erregealdian (1349-1387), burdinolak Gaztelarekiko mugaldetik behin eta berriz jasan behar zituen erasoetatik babesteko asmoz. 14 metroko luzera, 10 metroko zabalera eta 10 metroko altuera dituen dorre angeluzuzena da, jatorriz altuera handiagoa izan zuena. Erdi Aroko elementuei dagokienez, jatorrizko zortzi gezileihoak daude (halaxe deitzen dira, balaztariek erabiltzen baitzituzten dorrea defendatzeko), baita kareharrizko dobelak dituen puntu-erdiko arkua ere.

XX. mendeko 70eko hamarkada arte, dorrea etxebizitza gisa erabili izan zen, eta 80ko eta 90eko hamarkadetan nekazaritza-tresnak gordetzeko biltegi bihurtu zen, baserriaren osagarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun