Ostiralean Jexux Mari Irazu eta Agin Laburu bertsolariak aritu ziren Zubiondo tabernan eta bertso zaleek bizitasun handiko saioaz gozatzeko aukera izan zuten, festei hasiera emanez.
Ondoren, bertsolariei txanda eginez, Mus txapelketa jokatu zen Zubiondon bertan eta iaz bezala, aurten ere Josu Narbarte eta Bixente Callejón aurtengoan ere txapeldun izan dira. Txapeldun ordeak, berriz, Aritz Loiarte eta Iban Eskudero izan dira.
Larunbat goizean haurren krosa egin zen, animazio handiarekin. Ondotik, txupinazoa bota zuen Oroitz Zurutuzak. Urtero bezala, auzoko etxe bateko ordezkariari uzten zaio lehen suziria pizten eta aurten Irisarrikoei suertatu zaie. Auzoko dragoia han-hemen ibili zen kalejiran. Txino auzoko eta herriko tiralarien arteko sokatira saio inoiz baino borrokatuagoa izan zen eta horren erakusgarri, soka bera puskatu zutela tiraldian. Bi taldeetako tiralariak hankaz gora joan ziren eta horrek, inork minik hartu ez zuela ikusi ondotik, ikusleen eta kirolarien parre algarak sorrarazi zituen. Herri bazkarian eta bazkalondoan ere giro ederra izan zen, Papo kubatarrarekin eta Irati eta Leireren doinuekin egindako dantzaldiarekin.