erran.eus

Xabat Illarregi leitzarrak irabazi du Nafarroako bertsolari gazteen txapelketa

  Euskara  Leitzaldea  Leitza

Txapeldunorde izan zen Ehkhiñe Zapiainek batera, Nafarroako ordezkariak izanen dira ekainaren 9an eginen den Euskal Herriko Eskolartekoan

 

Apirilaren 20an jokatu zen Iruñean Nafarroako bertsolari gazteen txapelketako 32. edizioa. Hamaika ziren parte-hartzaileak eta Xabat Illarregi leitzarrak eraman zuen txapela. Bigarren postua Ekhiñe Zapiain beratarrak eskuratu zuen eta biak sailkatu dira ekainaren 9an Saran egingo den Euskal Herriko Eskolartekorako. Entzuleen saria, berriz, Ekain Alegre altsasuarrak eraman zuen. 

Xabat Illarregi leitzarrak irabazi du Nafarroako bertsolari gazteen txapelketa
Nafarroako bertsolari gazteen bertsolari txapelketan parte hartu zuten bertsolariak. | Ikusi handiago | Argazki originala

Guztiz bete zen Iruñeko Maravillas gaztetxeko aretoa Nafarroako bertsolari gazteen txapelketako 32. edizioa ikusteko. Hamaika izan ziren taulara igo ziren bertsolariak: Idurre Villanueva, Zuhara Zaratiegi, Amaia Lasheras, Enma Murillo, Beñat Astiz, Xabat Illarregi, Etxahun Azkarraga, Ekhiñe Zapiain, Iratxe Muxika, Uxue Mesa eta Ekain Alegre.

Horietatik lau lortu zuten bigarren fasera sailkatzea: Uxue Mesa, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain eta Xabat Illarregi. Azken bi hauek jokatu zuten buruz burukoa eta azkenean Illarregirentzat izan zen lehenengo postua. Asier Garcia izan zen saioko aurkezlea eta Saioa Alkaizak, Mikel Beumontek eta Arkaitz Goikoetxeak egin zituzten epaile lanak.

Leitzarrak Alaitz Rekondo Nafarroako Bertsozale Elkarteko presidentearen eskutik jaso zuen txapela. Beste sari bat ere izan zen Nafarroako bertsolari gazteen txapelketan, entzuleen saria. bertsolarien jarrera, ahalegina, umorea eta bestelako baloreak eskertu nahi zuen sari hau Ekain Alegre altsasuarrentzat izan zen.

Nafarroan lehenengo bi postuak eskuratuta, Xabat illarregi eta Ekhiñe Zapiain ekainaren 9an Saran jokatuko den Euskal Herriko eskolartekoaren finalean izanen dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa