«Pena handia ematen dit Aranon hainbeste jende bizi izan dela eta orain hainbeste jaitsi dela ikusteak».

«Pena handia ematen dit Aranon hainbeste jende bizi izan dela eta orain hainbeste jaitsi dela ikusteak».

Kontxi Klaber, Aranoko emakumezkoa

 

Nola aurkeztuko zenuke zure burua?
Herria eta natura asko maite dituen neska alaia eta ausarta naizela esango nuke.

Denbora librean zer egitea gustatzen zaizu?
Kirola egitea gustatzen zait, paseatzea, lagunartean egotea... Eta udan hondartza aldera joatea gustuko dut. Alde batera edo bestera, disfrutatzea gustatzen zait.

Zer du Aranok beste herriek ez dutena?
Hiritik hurbiltasuna dauka, itsasora begirako leihoarekin. Horrez gain, mendi buelta apartak egiteko aukera eskaintzen du.

1920an 500 biztanle izatetik, 2017an 110 izatera pasatu da Arano. Zer sentitzen duzu hori entzutean?
Pena handia ematen dit herri honetan hainbeste jende bizi izan dela eta orain hainbeste jaitsi dela ikusteak. Ez dezala behintzat bide horretatik jarraitu, ea mantentzen den horrela.

Zein duzu Aranoko txokorik gustukoena?
Gustuko leku asko ditut, baina horietako bat aipatzearren, Burningo zabala esango nuke, bere harizti ederrarekin. Hala ere, Burningo gaina ere izugarri gustatzen zait, bista izugarriak daudelako bertatik.

Urte luzez Ttipi-Ttapan Aranoko berriemaile izana zara. Zein berri eman izanen zenuen gustura?
Herrian frontoi estali bat lortu genuela idaztea gustatuko litzaidake. Horrek aukera izugarria emango lioke herriari edozer gauzatarako.

Nola dabil San Roke elkartea?
Jende aldetik, San Roke elkartea mantentzen da. Baja batzuk egoten dira baina jende gehiago ere sartzen da eta nahiko ondo mantentzen da. Bestalde, herrian taberna bakarra dagoenez, elkartea laguntza handia da jendea bildu edo beste edozer gauzetarako.

Nora bidaiatuko zenuke gustura?
Argentina, Txile... Inguru horixe ezagutzea da nire helburua. Ez dakit lortuko dudan...

Zein da asteburuetarako zure planik ederrena?
Mendi buelta bat egin eta lagunartean bazkaritxo bat egitea.

Zer behar duzu zoriontsu izateko?
Gehienetan, gutxirekin zoriontsua naiz, nahiz eta batzuetan asko eskatzen dudan... Batez ere, lasaitasuna behar dut zoriontsu izateko, erlojurik gabe ibiltzea.

Amets bat?
Nire ametsa bidaiatzea da, beste lurralde batzuetara joan eta hango kultura eta bizimoduak ezagutzea gustatuko litzaidake.

TTIPI-TTAPA da Nafarroa Garaiko mendialdean dagoen euskarazko hamaboskari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aitzinera egiteko.

Izan zaitez harpidedun