Benjaminek (2009 - 2018 urte bitartean sorturikoak) 16:30ean izanen dute hitzordua, 800 metroko ibilbidea egiteko. Gaztetxoentzat, 2002 - 2008 urte bitartean sorturikoentzat, berriz, 2.250 metroko ibilbidea antolatu dute. 17:00etan abiatuko dira. Ibilbide absolutua (2001etik aurrera sortutakoentzat) egiteko asmoa dutenek bi ibilbide izanen dituzte aukeran: 4.500 metro (bi itzuli) edo 9.000 (lau itzuli). Izen-emate momentuan zehaztu beharko da aukeraturiko itzulia.
Izen-ematea eguna baino lehen (www.kirolprobak.com helbidean) edo egunean bertan, lasterketa aurretik, egin daiteke. Apirileko kirol hitzordu horren ondotik, mendizaleek Euskal Herriko Mendi Erronkaren VI. ediziora begirako prestaketei ekinen diete.
VI. Euskal Herria Mendi Erronka
Ekainaren 2an, larunbatean, VI. Euskal Herria Mendi Erronka izanen dute herrian. 67 kilometrotako eta 7.200 metrotako gainbehera duen erronka Leitzan hasi eta Araitz-Betelu, Larraun eta Lekunberrin barna ibili ondotik, herrian bertan bukatuko da. 08:00etan abiatuko dira plazatik. EHMEko antolakuntzako kideek mendizaleei parte hartzeko deia egin diete.
Izen-ematea irekita dago, maiatzaren 15era arte (ehmendierronka.eus atarian). Federatuek 66 euro eta gainerakoek 70 ordaindu beharko dituzte. Ordainketa horrekin parte- hartzea ez ezik, erantzun zibileko asegurua, istripu asegurua, osasun-laguntza, txip bidezko kronometraje sistema, korrikalariaren poltsa, dutxak, doako garraio zerbitzua eta proba amaierako otordua eskainiko dituzte.