Patziku Perurena idazleak Leitzalarreko unaien inguruko ikerlana argitara eman du

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 18a, 15:55
Patziku Perurenak asteartean Leitzan aurkeztu zuen bere enegarren ikerlana.

Apirilaren 17an, astearte arratsaldean egin zuen aurkezpena Leitzako udaletxean 

Leitzalarreko unaiak, 1683-1771 izenburua du Patziku Perurena idazle goizuetarrak buruturiko azken ikerlana, azpi-izenbururik ere baduena: Zezenak plazan Goizuetan eta Leitzan, 1578-2017. Lanaren funtsa, nolanahi ere, zera da: argi adieraztea ardia Leitzalarreko sarobeetan nagusitu aurretik, XVII eta XVIII. mendeetan Leitzalarreko sarobeetako bazka behiek egiten zutela.

 

Euskal Herriaren iruditerian ongi finkatuta daukagu artzainaren eta artaldearen irudia gure mendi eta larreetan barrena, antzinako gizartearen ia funtsezko ogibide gisa. Leitzalarreko unaiak liburu honetan, ordea, Patziku Perurenaren tesi ausart bezain agiriz ongi hornitua aurkezten dugu, non argi eta garbi azaltzen den  Leitzalarreko sarobeetan garai batean ez zirela ardiak bazkatzen, behiak baizik, nola Leitza bertakoak hala inguru herrietakoak, edo Baztandik zein Gipuzkoako Beterritik ekarritakoak ere, eta ardia oso berandu arte ez zela sartu hemen, askok menderen mendetatik bertakoa zela uste izan arren...

Ikerlerro hori ardatz hartuta, Perurenak, ohi duen bezain zehatz eta naro, behiak eta ondorioz zezenak Leitzaran/Urumea aldeko herriotan izan duen garrantzia erakusten du, nola eguneroko bizimoduan hala ospakizun giroan ere. Horretarako, datu historikoak, etnografikoak zein filologikoak azterkizun bihurtzen ditu Patzikuk, bere buruari etengabe kontu eskatzen dionaren zorroztasunaz.

Ikerketa hau burutu ahal izateko Patziku Perurenak 2011. urtean irabazitako I Manuel Larramendi Ikerketa Saria baliatu du.

Ikerlanaren aurkezpena apirilaren 17an izan da, asteartearekin, Leitzako Udaletxeko Batzarre Aretoan. Liburua salgai izango da liburudenda nagusietan, baina eska liteke ere, gainkosturik gabe, bazkuna@larramendi.org helbidera idatzita. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun