Hogei urte bete ditu profesional mailan Aimar Olaizola pilotari goizuetarrak

Ttipi-Ttapa 2018ko api. 12a, 07:39
Aimar Olaizola, lehen mailan lortu dituen 14 txapeletako batekin.

Lehen mailan hamalau txapel irabaziak ditu, lau banaka, hiru binaka eta zazpi lau eta erdian

Hogei urte bete dira apirilaren 12an Aimar Olaizolak profesionaletarako jauzia eman zuela. 18 urterekin egin zuen debuta Lekunberrin. Etorkizun handia aurreikusten zioten, baina uste onenak gainditu ditu, hamalau txapela irabazi baititu Lehen Mailan: lau banaka, hiru binaka eta zazpi lau eta erdian. 

 

Berak, bigarren mailako buruz burukoa ere gogoan du. «Orain ez zaio garrantzirik ematen, baina orduan txapel hura irabaztea handia zen. Gainera, beti esaten zen pilotariak lehen mailakoa izateko bigarren mailako buruz burukoa irabazi behar zuela. Niretzat oso garrantzitsua izan zen hura», dio. Berriki bukatu den eskuz binakako txapelketan doi-doi ez zuen finalerako txartela lortu, baina txapelketako pilotaririk onena izendatu dute. Erretiroa urrun ikusten du.

Lau eta erdian txapel gehien dituen pilotaría da eta bere modalitaterik gustukoena dela aitortu du. Banakako txapela ez zuela inoiz irabaziko uste omen zuen, «ez dudalako kolpe handirik». Binaka hiru txapel ditu, baina garbi du horren arrazoia: «Pilotari kasu pixko bat egiten dionak jakin behar luke arrazoia, eta nik pena handia dut, bai. Nire helburua ez da inori meriturik kentzea, baina abantailak emanda jokatu dut kasik urtero. Txapelketak egin ditut txapela merezi izan ditudanak, baina hirurekin konformatu beharra daukat, oraingoz».

 

Beste txapelen bat lortzeko itxaropenez

Buruz buru ez, baina beste txapelen bat irabazteko aukera ez du baztertzen: «Buruz buru oso zaila ikusten dut, ezinezkoa ia. Lau eta erdian gerra eman dezaket beste urte pare batez, eta binaka ilusioa badut txapeldun izateko. Akaso, denbora laburrera nik beharko dut laguntza atzeko koadroetan, baina hori gero eta beranduago iritsi, hobe izango da. Dena den, ez nuke nahi beranduegi ere izatea. Herren nagoenean erretiratu egingo naiz».

Hogei urte eta gero, ez da oraindik pilotarekin aspertu goizuetarra: «Pilota gustatu egiten zait; odolean daramat. Nire partidak ez ditut telebistaz ikusten etxean, ezta nirekin lotura zuzena dutenak ere. Neure burua telebistan ikustea ez zait gustatzen. Hori bai, gainerako neurketa denak ikusten ditut, baita afizionatuenak ere. Pilota sentitu egiten dut».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun