Bertatik bertara formazio-saioak eskainiko dituzte Leitzan

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 16a, 12:16

Elikadura katean parte hartzen dutenei zuzendauriko saio horiek martxoaren 22an hasiko dira Udaletxean

Leitzako eta Aresoko Udalaren, INTIAren, Cederna-Garalur Elkartearen, Bertatik Bertara dinamikaren eta LeitzEKOren eskutik, elikadura katean parte hartzen duten ekoizle, ostalari eta saltzaileei eskainiriko Bertatik bertara formazio-saioak eskainiko dira herrian, hiru ostegunez: martxoaren 22an eginen dute lehendabiziko saioa; bigarrena, apirilaren 5ean; eta azkena maiatzaren 3an.

Saioak ongi antolatu ahal izateko, antolatzaileek izena emateko deia egin dute. Horrela bada, saio horietan parte hartu nahi dutenek bertakoproduktuakleitza@gmail.com helbidera idatzi beharko dute,beren izen-abizenak, kontaktua eta saio bat edo gehiagora joanen diren adieraziz.

Martxoaren 22an, 15:30etatik 18:00etara elikagaien inguruko legedi higieniko sanitarioa eta fiskala izanen dituzte hizpide INTIAren eskutik, elikagai bakoitzaren salmenta-bideen betebeharrei erreparatuko dietelarik.

Bigarren saioan,  apirilaren 5ean, Mirian Otxotorena eta David Ruiz, EHNEko kideak, izanen dira hizlariak eta legedi higieniko sanitarioaren malgutasuna eta salmenta zuzenaren legeari buruzko alderdiak landuko dituzte. Azkenik, maiatzaren 3an, arratsaldeko 16:30etatik 19:30etara bitarte, Mirene Begiristain, EHUko irakasleak, salmenta bide laburrei buruzko kontuak mahairatuko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun