Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan, hainbat ekitaldi izanen dira Leitzaldean eta Urumealdean

Ttipi-Ttapa 2018ko mar. 6a, 11:39

Ohikoa denez, afari autogestionatua eginen dute Aresoko emakumeek.

Leitzan, Goizuetan, Areson eta Aranon egitarau zabala prestatu dute

Denbora bizitza bada, egunero zenbat bizi zara? galdera da martxoak 8aren harira, Leitzaldean eta Urumealdean bolo-bolo dabilena. Baina, gogoetaz harago, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, sentitu eta pentsatutakoa ardatz, ekin eta egiteko Mankomunitateko Berdintasun Batzordetik antolaturiko ekintzak dezente dira. 

 

Martxoaren 8an, Leitzan kontzentrazioa (eguerdiko 12:00etan Zirkulo tabernaren parean) eta emakumeen elkargunea (20:00etan, Torrean) izanen dituzte. Martxoaren 14an eta 15ean ere han eta hemen ibiliko dira leitzarrak. 14an, asteazkenean, eskolako genero tailerren lanketaren emanaldia ikusgai izanen dute, 18:00etan eskolako jangelan. Biharamunean, berriz, Kontsumoak ba al du generorik? galdera ardatz, hitzaldia antolatu dute, 19:00etan udaletxeko Batzar Aretoan.

 

Goizuetan kontzentrazioa eta afaria ostegunean eta emakume ekoizleen inguruko hitzaldia larunbatean

Goizuetan kontzentrazioa eginen dute martxoaren 8an, ostegunean 18:00etan plazan eta 21:00etan emakumeen afaria Umore Ona elkartean.

Martxoaren 10ean, Goizuetan lan eta bizi dinamikako bigarren jardunaldia emakume ekoizleei eskainiko zaie. Larunbatean 18:00etan udaletxeko batzar aretoan, Leitzako Gotzone Sestorain, Goizuetako Maite Sanchez eta Mugarik Gabe Nafarroa erakundeko Maialen Chantre izanen dira hizlari.

Martxoaren 28an, antzerkia izanen dute 11:00etan eskolako jangelan, eskolako genero tailerren lanketaren inguruko emanaldia.

 

Ilustrazio erakusketa eta dokumentala Aranon

Aranon, martxoare 8an, Pino Vicedo herriko artisauaren eskutik Ama lurraren eskuak ilustrazio erakusketa irekiko dute 18:30ean Maisuenean.

Martxoaren 9an, Cuidado, resbala dokumentala proiektatuko dute 18:30ean Maisuenean eta jarraian hitzaspertua izanen dute.

 

Areson afaria

Ohikoa denez, afari autogestionatua egingo dute Aresoko emakumeek, Pake Toki elkartean bilduko dira ostegunean 21:00etan.

Bestalde, Aresoko Udal taldeak bat egin du Denbora bizitza bada, egunero zenbat bizi zara? adierazpenarekin. Hala, tokiko erakundeetatik berdintasun politikak sustatzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute; herriko emakumeen behar zehatzak ikustarazi eta adierazpen guztiei erantzuteko dagozkien neurriak hartuz. Horrekin batera, emakume eta gizonen arteko alde guztiak gainditzeko jarduerak bultzatu eta mugimendu feministari laguntzeko konpromisoa ere hartu dute. Bide batez, bizilagun guztiei egun horren inguruan egingo diren ekitaldietara joateko gonbidapena ere luzatu nahi izan diete. Hori hala izanik, martxoaren 8an udal bulegoa ixtea erabaki dute, bertako langileen greba eskubidea errespetatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun