Pasa den asteburuko elurteak hainbat matxura sortu ditu argindar hornikuntza sarean. Leitza ordu askoz argirik gabe egon da. Areago, herritar batzuk ez dute hornidurarik izan 35 ordutan.
Matxura larunbatean, gaueko 9ak aldera, gertatu zen eta ia herri osoari eragin zion. Hortik ordu gutxira argindarra zati batean itzuli bazen ere, beste zati handi batek argirik gabe jarraitu zuen, igandeko gaueko hamaikak arte. Iberdrola 26 orduz luzatu zen generadoreak ipini eta bizilagunek, behin behinean bazen ere, argindarra izateko.
Gaur, astelehena, goizeko 8:30ak aldera, generadore horietako bati erregaia agortu zaiola eta bederatzi ordu gehiagoz argindar hornidura etenda egon da.
Matxurek argindar etenaldi luzeak sortu dituzte eta horrek ohiko eragozpenez gain, kalte handiak sortu dituzte. Etxebizitza eta komertzio askotan etxe-tresna elektrikoak hondatu eta hozkailuetako jakiak galdu dira, adibidez. Etenaldiek 2 egunez argirik gabe eduki dituzte mila biztanle inguru.
Udalak Iberdrolak matxurak konpontzeko egindako kudeaketa oso eskasa izan dela uste du. Hori dela eta, herritarrek Iberdrolaren aurrean erreklamazioak egitea errazteko bulegoa irekiko du, Irache kontsumitzaile elkartearen bidez.
Bulegoa 3 egunez irekiko da. Urtarrilaren 15ean arratsaldez (16:30-18:30) eta, urtarrilaren 16 eta 17an goizez (9:30-13:30). Doako zerbitzua izanen da eta aldez aurretik txanda hartu behar da 012 zenbakira deituz.
Horrez gain, eskola eta institutuan berogailuak martxan ezin jarri pasa dute gaurko goiza eta ikasle asko etxera bidali behar izan dituzte, klaseak emateko baldintzak ez zirelako egokiak. Gainera, Udaleko bulegoetan, Gizarte Zerbitzu eta Mendialdea Mankomunitateetako bulegoetan zein Karrape irratian ere jarduna eten behar izan da eraikinean argindarrik ez delako egon. Hori dela eta, Leitzako Udalak ere, kaltetu gisa bere erreklamazioa aurkeztuko du Iberdrola Distribución enpresaren aurrean.