Txikizioak eragin dituzte Leitzako eskola atzeko ttikientzako aterpean

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 3a, 12:48

Hainbat txikizio egin dituzte eskolako atzeko aterpean.

Guztiona dena zaintzea denon ardura dela gogorarazten dute Udaletxetik 

Leitzako Udalak hainbat gurasorekin batera, eskola atzeko aterpena egokitu zuen auzolanean herriko ttikiek beste jolasgune bat izan zezaten. Urtezaharreko asteburuan txikizioak egin dituzte eta argazkian ageri den bezala azaldu da. 

 

Udaletxetik jakinarazi dutenez, «kalte dezente egon dira: bankuak puskatuta, arropa zintzilikatzeko kakoak, bertan zegoen panela lurrean botata, zaborra alde guztietatik, haurren bizikleta bat txikituta...».

2017 urte hasieran bukatu ziren moldaketak. Udalak 12.000 euroko inbertsioa egin zuen, eta herritarrek hiru auzolan. Guraso talde batek haur txikiek jolasteko estalpe bat eskatu ondoren egin zen. Gainera, eskolako orduetan ere asko erabiltzen dute txikienekin, eguraldi txarra dagoenean batez ere.

Leitzako Udaletxetik diotenez, «herri txikia da eta baliteke azkenik nor izan den jakitea. Horrela bada, egileekin edo hauen gurasoekin hitz eginen dugu (adin txikikoak balira) eta konponbide bat bilatzen saiatuko gara». Bitartean, udal langileak lekua garbitu eta ahal diren konponketak egingo dituzte. Udaletxetik gogorarazi nahi dute «guztiona dena zaintzea denon ardura dela».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun