Abenduaren 24an Orantzaroaren etorrera ospatuko dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 21a, 07:00

Orantzaroaren bueltan, goizean kalejira eta arratsaldean Orantzaroren etorrera eta gauezkoen agerraldia izanen dituzte herrian. Irudia: Alkoz

Orantzoren tradizioa, 50 eta 60ko hamarkadan gainbeheran zihoana, berreskuratu zenetik ohitura, berriz ere, errotzen ari da herrian

Leitzako Pesta Batzordearen eskutik, eguberri bezperan Orantzaroaren etorrera ospatuko dute Leitzan. 11:30ean, neska mutilen kalejirak karrikak dantzan paratuko ditu. 18:30ean, berriz, Orantzaroren bisita izanen dute eta gauezkoen agerraldiarekin Eguberri giroan murgilduko dira.

 

Badira hirurogei urte Leitzako etxe eta baserrietako balkoi edo leihoak panpinez apainduak izaten zirela. Panpin horiek emakumezko zein gizonezko, txistulari, arrantzale, ehiztari, jostun, sorgin... izan zitezkeen. Enborra erreta, suaren bueltan pesta egiteko aitzakia ere bilakatu zen Orantzaroaren tradizioa. Alabaina, 50eko eta 60ko hamarkadan, pixkan-pixkan, ohitura galtzen hasi zen, panpinaren lehiaren gainbehera eta ikazkinaren irudiaren indartzearen ondorioz. Azken urteetan, ALKE Kultur Taldeak ohitura horren nondik norakoetan sakondu eta ezagutarazteko lan handia egin zuen. Hala, berriz ere herriko xokoak Orantzaroz apainduak ikus daitezke, eta abenduaren 24an, Orantzoren etorrera, antzerkiz, ospatzen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun