«Euskara bultzatu eta nire herria ezagutzera emateak animatu ­ninduen berriemaile izatera»

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 15a, 08:41

Juana Mari Saizar, Aresoko berriemaile izana.

Juana Mari SAIZAR • Aresoko berriemaile izana

Duela 26 urte, larunbat santuko emakumeen afariko argazkia Ttipi-Ttapara bidal­tzearekin hasi zen nire kontaktua. Ordurako ezaguna zen inguruan aldizkaria, baina Aresoko berriemailerik ez zegoen. Lan hori egiteko nirekin jarri ziren kontaktuan eta horrela hasi nintzen lan honetan. 

 

Hasiera batean, berriak telefonoz hartzen ziren, testuak idazten moldatzen nintzen, baina argaz­ki kontuekin lan asko izaten nuen. Kamera­ko karrete osoak erabiltzeko zailtasunak ez zuen laguntzen­ presako argazkiekin. Lei­tzan bazen argazkila­ri bat, eta bere dendako­ gela beltzean karreteak puskatzen zizkidan, argazki kopuruaren­ arabera. Horrela, balio zuen puska hartu eta tubo beltz batean bidaltzen nuen Ttipi-Ttapara. Hala ere, ba­tzue­tan, moz­­tua zegoela abi­satzea ahaztu eta tubo hori aldiz­karira iritsi eta ireki­tzean, argiaren kontaktuarekin argazkiak galdu egiten ziren­.

Arazoak arazo, gauza on asko gertatu zaizkit. Harremanak egiten lagundu dit, jendea eta herriak ezagutu ditut, urteko bazkari ederrak aipatu gabe ezin utzi, jatetxe askotan ibili naiz eta otordu bikainak konpainia ederragoarekin. Esperientzia ederra izan da.

Aldizkariak eta herritarrek harreman polita daukate eta etxeetan bere tokia egina dauka hamabostero. Aldizkariko langileekin ere, oso giro goxo eta lasaia izan da, esker onak eta hitz politak.

Gaur egun, informatikako aurrerakuntzek lana erraztu dute komunikatzeko, informazioa lortu eta argazkiak bidaltzerako orduan­. Nahiz eta lana eta lotura dakarren berriemaile izateak, euskara bultzatu eta nire herria ezagutzera eramateak animatu ninduen­.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun