Motibazio tailerra antolatu du Goizuetako arnasguneen taldeak

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 12a, 07:57
Goizuetarren artean, lehen baino gaztelera gehiago entzuten denaren susmoa du Goizuetako arnasguneen taldeak.

Abenduaren 13an, asteazken arratsaldeko 6etatik 8etara eginen dute Udaletxeko batzar aretoan

Euskararen erabilerari buruz maiatzean egin diren neurketak azaldu eta aztertzeko eta euskararen egoeraz hausnartzeko motibazio tailerra antolatu du Goizuetako arnasguneen taldeak abenduaren 13an, asteazkenean 18:00etatik 20:00etara Udaletxeko batzar aretoan.

 

Hainbat herritar gonbidatu dituzte tailer honetan parte hartzera, baina nahi duen edonork parte har dezake. Goizuetako arnasguneen taldeak susmoa du Goizuetan euskaraz hitz egiteko ohiturak aldatzen ari direla: «gaztelera gehiago entzuten dugu lehen baino. Eta, egoera horri aurre nola egin pentsatzen ari gara». Honekin lotuta, erabilera neurketak egin dituzte Goizuetako kaleetan maiatzean eta datu horiek goizuetarren esku daude jada. Goizuetako arnasguneen taldearen esanetan, «datuak izatea ongi dago; hala ere, ohitura aldaketa horren arrazoiak ezagutu nahi ditugu, gazteleraz hitz egiteko joeraz hausnartzeko eta ohitura horiek iraultzeko».

Horregatik egin dute motibazio tailer horretan parte hartzeko gonbidapena, «bakoitzak egindako bidea besteekin konpartitzeko eta egin dezakeguna imaginatzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun