2.679.159,60 euroko udal aurrekontua izanen du Leitzako Udalak 2018an

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 30a, 07:11
Leitzako Herri Aretoa egiteko asmoan, proiektua lizitazioara aterako dute datorren urtean eta, dirulaguntzen arabera, egiten ere has daiteke.

Aurtengoan ere UPNko zinegotziek ez dute parte hartu ohiko batzarrean 

Azaroaren 28an, Leitzako Udalaren Ohiko Batzarrean, 2018. urteko aurrekontua behin behinekoz onartu zuten. Aipatzekoa da, iaz bezela, aurten ere UPN-ko zinegotziak ez dutela Ohiko Batzarrean parte hartu. Leitzako Udalak, 2.679.159,60 euroko aurrekontua onartu du, iaz baino % 7 handiagoa. Igoera hau, gehienbat, onartu zaizkien hainbat dirulaguntzen ondorioz izan da eta, haiei esker, zenbait inbertsio burutuko dira herrian.

 

Zorpetze mailak beherantz segitzen du. Urtero, ia 200.000 euro amortitzatzen dira eta 2018 urtea 500.000 euro inguruko zorpetzearekin amaituko du Leitzako Udalak. Gogoratu behar da, 1989. urtetik, milioi bat eurotik lehen aldiz jaitsi dela Udalaren zorpetzea.

Leitzako Herri Aretoa egiteko asmoan aurrerapausuak emanen dituzte. Proiektua lizitaziora aterako dute eta, lortu daitezkeen dirulaguntzen arabera, proiektua ejekutatzen hasiko dira datorren urtean.

PIL-eko dirulaguntzei esker, zuntz optikoa herriraino ekarriko da. Gainera, 2018 bukatu baino lehen, etxeetaraino saretzea egitea espero du Udalak, honela herritarrak banda zabala eduki ahal izanen dutelarik.

Mendian inbertsio handiak egiten ari da Udala. 2018 urte hasieran gainera, zuhaitz landaketa handia eginen da, 40.000 euroko kostuarekin.

Plazaolako geltokian, Ederbidea proiektuari esker, biltegiaren eraikinean zaharberritze lanak eginen dira eta komun publikoak jarriko dira.

Ondare historikoari dagokionez, Nafarroako Gobernuak Ibero dorrean zaharberritze lanak egin eta gero, Leitzako eta Goizuetako Udalek “BIC” izendapena lortzeko kudeaketak martxan jarriko dituzte.

Parte-hartzea sustatzeko, turismoa, bertako produktuak eta mugikortasuna bezalako gai estrategikoak herritarrekin batera lantzen jarraituko dute. Berdintasun arloan, indarkeria matxistaren aurkako protokola eta Berdintasun Plana berrituko dira.

Aurrekontua behin betiko onartzen direnean, herritarrei modu zuzen eta zehatzagoan aurkeztuko diete. Horretarako, iaz bezala bideo bat prestatuko dute eta batzar irekia deituko dute. Honetaz gain, aurrekontua www.leitza.eus atarian edonork eskuragarri izanen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun