Leitzako 100 komertzio eta establezimenduk errespetuzko harremanaren alde egin zuten

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 27a, 17:53
'Errespetuzko harremanak gustatzen zaizkigu' leloa duten pegatinak itsatsi dituzte

Azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, Leitzaldeko berdintasun batzordeak eta Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Udalek errespetuzko harremanen aldeko kanpaina jarri zuten abian. Abiaturiko ekimen horrek, herriko 100 establezimendu, erakunde eta eragileren atxikimendua eta sentsibilizazioan konpromisoa eragin du.

Berdintasun Batzordeak emakumeenganako indarkeriarekin amaitzea denon ardura dela adierazi du. Indarkeria modu askotara gertatzen da (kontrola, zeloak, piropo lazgarriak, gorputza baimenik gabe ukitzea, kolpeak, mehatxuak, mespretxuak, bortxaketak, erailketak…). Hortaz, egunerokotasunean gertatzen diren eraso sexisten aurka prebentzioa egitea eta errespetuzko harremanak garatzearen izanen du helburu abiatu berri duten kanpainak.

 

Erakunde publiko, elkarte, eragile, enpresa, establezimendu edo denda zein tabernek izugarrizko eragina izan dezakete indarkeria mota honen salaketan zein harreman sanoen aldeko sentsibilizazioan.

Esparru horiek inplikatu eta kanpainari bultzada emateko asmoz, lanketa berezia egin da herriko, denda, taberna zein establezimenduekin. Lehenik eta behin kanpainara batzeko gonbidapena egin zitzaien eta honi atxikimendua erakusteko “Errespetuzko harremanak gustatzen zaizkigu” leloa duen pegatina leku ikusgarri batean jartzeko gonbidapena egin zitzaien komertzioei (erakusleihoan edo atean adibidez).

Horrez gain, eraso baten aurrean (ikusi zein laguntza eskatzen bazaie) nola jokatu edo nora jo dezaketenaren gaineko orientabideak eman zaizkie eskuorri batean negozio guztiei. Herriko 100 establezimendu, erakunde eta ergilek eman diote atxikimendua kanpainari eta gainera, kanpaina borobiltzeko bideoan parte hartu dute askok. Kanpaina honekin eta egin den lanketarekin, herritarrek errespetuzko harremanak garatu eta eraso sexisten aurrean isilik ez geratzera gonbidatu nahi ditu Berdintasun Batzordeak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun