Hamalaugarren azienda feria eguna ospatuko dute Goizuetan azaroko azken larunbatean

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 23a, 10:52

Herriko eskulangileen eta baserritarren produktuak aterako dituzte plaza ingurura Goizuetan.

Ostiralean ‘Artantxuriketan’ emanaldia eskainiko dute Maixux Zugarramurdik eta Ansa ahizpek

Hamalaugarren edizioa izango du aurten herriko hainbat elkarte, talde eta eragileren eskutik antolatzen den Goizuetako Feria egunak eta aurten ere nobedadez beteta dator azaroko azken larunbata. 

 

Aurten ere, bezperatik hasiko da festa, Artantxuriketan emanaldia eskainiko baitute Maixux Zugarramurdik eta Ansa ahizpek 18:30ean eskolako jangelan. 

Baina larunbata da egun haundia eta izango da zer ikusia goiz goizetik.

10etan emango zaio hasiera feriari. Aziendek, artisau eta nekazaritza postuek beteko dute herria eta tartean hainbat ikuskizun izango dira. Herriko artisauek beraien erakustaldiak eskainiko dituzte: 10:00etan ataka bazterrak (Artantxukoak), 10:15ean sagardoa (Yandenekoak), 10:30ean sifoia (Luixin), 10:45ean egur taila (Garbiñe), 11:00etan ardien itzulia (Olaso), 11:15ean joareak (Belako), 11:30ean haria (Mikela eta Anttoni), 11:45ean artoa kerkeili (jubilatuak), 12:00etan torrijak (Koro eta Mertxe), 12:15ean eztia (Jimenez), 12:30ean garagardoa (Iñigo), 12:45ean harri taila (Andoni) eta 13:00etan erraldoiak (Yandenekoak). Goizean zehar trikitilariak ariko dira kaleak alaitzen.

 

Bazkaria frontoian

Eguerdian bazkaria izango da Goiko frontoian.  Urtero bezala jendetza izanen da bazkarian. 18:30ean musikaldia izanen da Bixenterekin udaletxeko orapean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun