Euskal Herriko nekazaritzaren borrokak hizpide izanen dituen hitzaldia antolatu dute Leitzan

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 22a, 11:49

Ostiral honetan, azaroak 24, izanen da solasaldia, Leitzako Herrigunean. EHNE sindikatuko kideak, ekoizleak,  Euskal Herriko Laborarien Batasuneko lehendakaria eta Leitzako Udaleko ordezkariak izanen dira hizlariak.

Nekazal borroken historia Euskal Herrian. Globalizazioak elikadura sisteman txertatutakoaren aurrean, alternatiba lokalak. Izenburu horixe duen hitzaldia antolatu dute Euskal Herriko Unibertsitateak, Hegoa Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari Buruzko Ikasketa Institutuak eta EHNE Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna sindikatuak Leitzan. Ostiral honetan, azaroak 24, izanen da Leitzako Herrigunean, 18:30ean hasita.

Hitzaldian, hauek hartuko dute hitza: Xatur Larralde Nafarroako EHNEko kideak, Miriam Otxotorena artzain, gaztagile eta Nafarroako EHNEko kideak, Gotzone Sestorain gaztagilea eta Etxaldekoak (Euskal Herriko baserritar eta laborarien elkartean nekazaritza iraunkor baten alde lan egiten duena), Panpi Saint Marie oilasko ekoizlea, ELBko lehendakaria eta Etxaldeko kidea denak eta Markel Azkargorta Leitzako udaleko zinegotziak.

Euskal nekazaritzaren borroken ibilbide historikoa azalduko dute solasaldian, baserritarrek jasan dituzten arazo garrantzitsuenak eta borroka adierazgarrienak aipatuz. Euskal nekazaritza mugimenduaren sorrera eta elikadura burujabetza helburu duten erakundeen bilgune nola bilakatu diren ere aipatuko dute, baita nazioartean egindako aliantzak ere. Horrez gain, Leitza kontsumituz bezalako tokiko ekimenak aurkeztuko dituzte.

Hitzaldi hau Euskal Herriko Unibertsitateak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak finantzatu dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun