Asier Pellejero aresoarra Euskal Herriko bigarren mailan ariko da datorren urtean

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 13a, 15:40

Asier Pellejero aresoarra Euskal Herriko bigarren mailan ariko da datorren urtean.

Luix Mari Txapartegi gipuzkoarra suertatu da hirugarren mailako aizkora txapeldun

Euskal Herriko hirugarren mailako aizkora txapelketaren finala jokatu da azaroaren 12an Aldatzeko pilotalekuan. Txapelaz gain, bigarren mailara igotzeko lau txartel ere jokoan zeuden, izan ere Floren Nazabal, Aitor Senosiain, Ander Erasun eta Xabier Orbegozo (aurten bigarren mailakoak izandako lau aizkolariak) datorren urterako hirugarren mailara jautsiko dira. Aizarnako Luix Mari Txapartegik irabazi zuen txapela eta berekin batera, Iban Resano, Eloy Corchero eta Asier Pellejero aresoarra igoko dira bigarren mailara.

 

54 ontzako hiruna enbor eta 60 ontzako bina enbor moztu zituzten eta horretarako 13 minutu eta 18 segundo behar izan zituen Txapartegik. Iban Resano nafarrak 22 segundo gehiago behar izan zituen (13:40). Lehia estua izan zen bien artean txapelaren bila. Bertze lau aizkolariak koxka bat beheitiago aritu ziren, baina bigarren mailara igotzeko bertze bi txartel zituzten jokoan. Hirugarren postuan Eloy Corchero arabarra sailkatu zen (16:40) eta zentesima batzuk gehiago behar izan zituen Asier Pellejero aresoarrak, laugarren postua eta igoera lortzeko (16:40). Beraz, Asteasuko Jokin Alkizalete (16:55) eta Beintza-Labaiengo Jon Telletxea (17:16) gelditu ziren igoerarik gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun