Oialdetxoko Gaztetxokoaren ikasturte berria azaroaren 12an abiatu da Leitzan

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 10a, 13:18

Aspalditik eskaintzen zaio 12-16 urteko nerabeei Oialdetxokoko Gaztetxokoa. Argazkia 2010ekoa da.

12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendua, martxora bitarte irekiko ditu ateak igandero 17:00etatik 20:00etara

 

Beste urteetan bezala, aurten ere, Oialdetxokoko (Leitzako Gaztetxoko) ateak zabaldu dira, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen ekimenez. Betiko ordutegia eta egutegia izango ditu; igandero 17:00etatik 20:00etara, azarotik martxoa arte. Espazio hau 12-16 urteko gazteei zuzenduta dago eta bere helburua da aisialdia, joku eta jarduera desberdinen bidez gazteekin  balore eta gaitasun hauek lantzea: elkarlana, autonomia, irudimena, sormena, lankidetasuna... betiere prebentzio ikuspuntutik.

 

Oialdetxokon gazteek jolasteko, ongi pasatzeko, zer egin erabakitzeko aukera izango dute. Baina ez dira bakarrik egongo bi begirale izango dituzte ekintzak bultzatu eta burutzeko: Joanes Ilarregi eta Aitziber Zabaleta.

Oialdetxokon ibiltzeko sozio txartela egin behar da. Horretarako, hiru pauso hauek eman behar dira:

1.- Amazabal Guraso Elkartearen Rural Kutxako kontuan kuota ordaindu

2.- Bazkide orria bete eta gurasoen baimena signatu

3.- Oialdetxokora eraman paperak.

Azkenik, Mankomunitatetik eskerrak eman nahi dizkiete Guraso Elkarte Katolikokoei lokala uzteagatik, Amazabal Institutuko Guraso Elkarteko kideei antolatzeagatik, Leitzako Udalari finanziatzen laguntzeagatik, eta orain arte egon direnei proiektu honetan parte hartzeagatik.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun