Azaroko Kultur Egunen bigarren asteburua ere indartsu dator Goizuetara

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 10a, 06:53

Patxuko Nice taldeak joko du larunbat gauean Goizuetako Gaztetxean.

Larunbatean plaza dantzak, umeentzat jolasak eta txokolatea eta Patxuko Nicen kontzertua gaztetxean eta igandean, ipuin kontalaria

Joan den asteburuan abiatu zen Azaroko Kulturaldia Goizuetan, Umore Onak antolatutako jubilatuen egunarekin eta Artikutzako trenari eskainitako liburuaren aurkezpenarekin eta oinezko martxarekin. Asteburu honetan ere ekitaldi ugari izanen dituzte, barrenean goxatzeko modukoak.

 

Azaroaren 11n, larunbatean, 11:00etatik 13:00etara bitarte, Plaza dantzak izanen dira Mikel Lasarterekin, Umore Ona dantza taldearen eskutik. Arratsaldean, berriz, 17:00etan umeentzat jolasak eta txokolatadaz gozatzeko aukera izanen dute ttikienek, Guraso Elkartearen eskutik. 23:30ean Patxuko Nicek alaituko ditu gaztetxeko xokoak. Azaroaren 12an, igandean, 17:00etan, udaletxeko ganbaran, Pello Añorga ipuin kontalariaren emanaldia izanen da.

 

Hurrengo ekitaldiak

Azaroaren 17an, 18:30ean, udaletxeko ganbaran Zera... Nola esango dizut, bada? antzezlana ikusteko aukera da, Garazi Olaizola eta Teresa Lopez de Munain. Biharamunean, azaroaren 18an, Katarrapikaka lehiaketa eginen da.

Azaroaren 24an, 18:30ean, eskolako jangelan, Artantxuriketan izanen da, Maixux Zugarramurdi eta Ansa ahizpak gidaturik.

Azaroaren 25ean feria eguna ospatuko dute.

Azaro kulturala abenduraino luzatuko da. Hori horrela, abenduaren 2an, goizeko 11:00etan Errefuxiatuak hitzaldia izanen da, Luzia Etxeberria Nafarroako Brigada taldeko kidearen eskutik, Gazte Asanblada eta Gizarte Zerbitzuarekin elkarlanean antolatua. Azkenik, abenduaren 16an, 10:00etatik 13:00etara bitarte, turroi eta mazapan ikastaroa izanen da, eguberrietan etxean eginiko turroi gozoa dastatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun