Nafarroako Gobernuak Leitzako Ibero inguruan dagoen XIV.mendeko dorrea zaharberritzeko lanak eginen ditu eta 556.572 euroko gastua onartu du horretarako. Iberoko burdinola, 2011tik Leitzako Udalarena dena, Nafarroako Erdi Aroko industria konplexu bakarra da. Bertan, defentsarako dorrea ez ezik, burdinola hidraulikoa, baserria, Urumea ibaiaren gainean zubi gotikoa eta borda daude.
2006tik egunera bitarte, eraikin horiek hondatuz joan dira, XIV.mendean eraikitakoaren hondarrak baino ez direlarik gelditzen. Bertzeak bertze, dorrearen teilatua eta solairuak hondoratu dira. 14 metro luze eta 10 metro zabaleko azalera du egun dorreak, eta batazbeste, 12 metroko altuera du. Zortzi gezileihoak, paretetako irekidurak eta erdi puntuko arkua dira mantentzen diren Erdi Aroko ezaugarri nabariak.