Leitza eta Aresoko produktuen azoka azaroaren 12an ospatuko dute

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 9a, 07:04

Aurtengoan, frontoian izanen dira Leitza eta Aresoko ekoizleak.

Igandean 10:00etatik 14:00etara bitarte Leitzako Amzabal frontoian eginen dute

Leitzako Udala eta LeitzEKO kontsumo taldearen eskutik, Leitza eta Aresoko produktuen azoka eginen da azaroaren 12an, Amazabal pilotalekuan. Aurreko bi urteetan arrakastatsua izan zen ekimena, bai parte-hartzaileen aldetik, baita herritarren aldetik ere. Hasiera batean plazan egitekoa bazen ere, eguraldi iragarpenak direla eta frontoian bilduko dira.

 

Guztira 30 parte-hartzaile espero dira. Animalia eta hegaztien erakusketaz gainera, udazken sasoiko produktuez osatutako salmenta postuak egonen dira: barazkiak, gazta, babarrunak, eztia...

Azoka horren helburu nagusia bertako produktuei eta ekoizleei dagokien balioa eta lekua ematea da. Hala, herritarrek bertako produktuak kontsumitzeko ardura hartuz, guztion onerako izanen den elikadura eredu bat eraiki nahi dute.

 

Leitza kontsumituz

Azken urtean, dinamika ugari jarri dira martxan elikadura burujabetza eta bertako produktuen kontsumo, ekoizpen eta salmenta bultzatzeko asmoz; Leitza Kontsumituz, kasu.

Leitza Kontsumituz prozesuaren helburu nagusia, hainbat eremutan egiten ari ziren hausnarketa eta ekintzekin bat eginez, Leitza zein Aresorako prozesu partehartzaile bat osatzea da. Orain artean eginiko bilkuretan, Leitza eta Aresoko galdeketek eta ikerketek emandako emaitzen inguruan hausnar­tzeko, 50 bat lagun bildu dira. Azken urratsa azaroaren 2an egitea aurre­ikusi dute. Hala, azoka bezperarako osaturik eta jendeartean zabaltzeko prest egonen litzateke.

 

Laborantza Proiektuak ezagutzen

Urriaren 21ean LeitzEko Kontsumo taldeko hainbat kidek eta Leitza eta Aresoko Udaletako ordezkariek Euskal Herriko Laborantza Ganbarako proiektuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten. Ainhizen jaso zituzten proiektuaren inguruko xehetasunak eta hainbat etxalde bisitatzeko aukera ere izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun