Goizuetako Jubilatuen Eguna ospatu dute Umore Ona elkartearen eskutik

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 6a, 12:51

Umore Ona elkartea lepo bete zuten Goizuetako jubilatuek beraien eguneko bazkarian.

Musean Martin Arratibel eta Eustakio Lujanbio suertatu ziren txapeldun eta trukean, Milagros Apezetxea eta Mari Karmen Tomasena 

Asteburu honetan, Artikutzako trenari buruzko liburuaren aurkezpenarekin ez ezik, Umore Ona elkarteak jubilatuei eskainitako egunarekin abiatu dira Goizuetako Udazkeneko Kultur Egunak.

 

Asteburu osoan Jubilatuen Eguneko ekitaldiak ere izan ziren. Larunbatean, mus eta trukeko txapelketak jokatu zituzten. Museko irabazleak, Martin Arratibel eta Eustakio Lujanbio izan ziren, Xilberio Apezetxea eta Martin Huiziren aurkako finala irabazita. Trukean, berriz, Milagros Apezetxea eta Mari Karmen Tomasena txapeldun izan ziren eta Mari Karmen Azpiroz eta Arantxa Berroeta txapeldun orde.

Igandean jubilatuen bazkaria ez ezik pilota partidak ere jokatu zituzten.

 

Udazkeneko Kultur Egunean datozen ekitaldiak

Azaroaren 11n, 11:00etatik 13:00etara bitarte, Plaza dantzak izanen dira Mikel Lasarterekin, Umore Ona dantza taldearen eskutik. Arratsaldean, berriz, 17:00etan umeentzat jolasak eta txokolatadaz gozatzeko aukera izanen dute ttikienek, Guraso Elkartearen eskutik. 23:30ean Patxuko Nicek alaituko ditu gaztetxeko xokoak. Azaroaren 12an, 17:00etan, udaletxeko ganbaran, Pello Añorga ipuin kontalariaren emanaldia izanen da.

Azaroaren 17an, 18:30ean, udaletxeko ganbaran “Zera... Nola esango dizut, bada?” antzezlana ikusteko aukera da, Garazi Olaizola eta Teresa Lopez de Munain. Biharamunean, azaroaren 18an, Katarrapikaka lehiaketa eginen da. Azaroaren 24an, 18:30ean, eskolako jangelan, Artantxuriketan izanen da, Maixux Zugarramurdi eta Ansa ahizpak gidaturik.

Azaroaren 25ean feria eguna ospatuko dute.

Azaro kulturala abenduraino luzatuko da. Hori horrela, abenduaren 2an, goizeko 11:00etan Errefuxiatuak hitzaldia izanen da, Luzia Etxeberria Nafarroako Brigada taldeko kidearen eskutik, Gazte Asanblada eta Gizarte Zerbitzuarekin elkarlanean antolatua. Azkenik, abenduaren 16an, 10:00etatik 13:00etara bitarte, turroi eta mazapan ikastaroa izanen da, eguberrietan etxean eginiko turroi gozoa dastatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun