Ruben Saralegi leitzarrak irabazi du bigarren mailako Euskal Herriko aizkora txapelketa

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 30a, 15:30

Ruben Saralegi, Euskal Herriko bigarren mailako txapeldun izan da, 2013an bezalaxe.

Urriaren 29an Azkoitian jokatutako finalean Xabier Zaldua gipuzkoarrak ere lortu du lehen mailarako txartela

Euskal Herriko bigarren mailako aizkora txapelketaren finala jokatu da urriaren 29an Azkoitiko (Gipuzkoa) Gurea pilotalekuan. Ruben Saralegi leitzarra nagusitu da eta txapeldunorde izan den Xabier Zalduarekin batera ariko da lehen mailan datorren urtean.

 

Saralegik 20 minutu eskas, 19 minutu eta 59 segundo behar izan ditu 54 ontzako bi enbor, 60 ontzako bi enbor eta 72 ontzako bi enbor mozteko. Zalduak 54 segundo gehiago behar izan ditu (20:53). Jexux Mari Mujikak osatu du podiuma (21:14). Mieltxo Mindegia zubietarra laugarren izan da (21:28), Aratz Mugertza bosgarren (23:17) eta Julen Kañamares seigarren (23:36).

Ez da Ruben Saralegik lehen mailara igotzea lortzen duen lehen aldia. 2013an ere lortu zuen igotzea, txapeldun izan ondotik. 2014an jeitsi eta 2015ean berriz ere lehen mailara igo zen, ordukoan txapeldunorde izanik. 2016an, berriz ere maila galdu zuen eta beraz, oraingoan, lehen mailari eustea izanen du helburu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun