Urrezko Aizkolari txapeldunen ligako finalean izanen da Jon Rekondo leitzarra

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 20a, 11:18

Jon Rekondo leitzarra, momentuko bi aizkolari onenekin lehiatuko da.

Igande eguerdiko 12:30ean Getxon (Bizkaia) Atutxa II eta Iker Vicente izanen ditu arerio

Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finala jokatuko da urriaren 22an, igande eguerdiko 12:30ean Getxoko Andra Mari probalekuan. Jon Rekondo leitzarra ariko da lehian, joan den igandean Euskadiko aizkora txapelketa nagusiaren finalean txapeldun eta txapeldun orde izan ziren Aitzol Atutxa II.a eta Iker Vicenteren kontra.

 

Bost modalitate ezberdinetan bederatzi enbor moztu beharko dituzte: erlojuaren kontra (kanaerdiko bat), bertikalean (kanerdiko bat), abiadura (60 ontzako enbor bat), bertikalean-horizontalean (kanaerdikoa eta 54 ontzako enbor bana) eta azkeneko proban 60 ontzako lau enbor.

Aizkolari Txapeldunen Ligako finalaz gain, jaialdi berean, Ousmane Dramé, Bizkaiako lizentzia duen kirolari senegaldarra 100 kiloko txingekin marka ezartzen saiatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun