Nafarroako Kaxuelaren Asteko sari nagusia lortu du aurten ere Alex Mugika leitzarrak

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 19a, 07:05

Alex Mugika sukaldari leitzarra ezkerrean, bertze bi saridun nagusiekin.

2013an eta 2014an ere sari hau lortu zuen Iruñeko La Cocina de Alex Mugica sukaldariak

2013 eta 2014 urteetan bezalaxe bezalaxe, aurten ere Iruñeko La Cocina de Álex Mugica jatetxeko Alex Mugica sukaldariak lehenbiziko postua, Urrezko Kategoria lortu du Iruñeko Kaxuela eta Ardoaren XVI. Astean. Aurten, Bildots albondigak izeneko kaxula aurkeztu du. 

 

Nafarroa osoko 46 jatetxek parte hartu dute lehiaketan, urriaren 6tik 15era eta urriaren 18an eman dituzte sariak. Alhambra jatetxeko Javier Diazek, Nafarroako Jatorriezko Izendapeneko ardoen Kontseilu Erregulatzaileko presidentea den David Palaciosek eta Legasako Arotxa jatetxeko Luismi Lacar sukaldariak osatu dute epaimahaia. Lehenbiziko saritzat, diploma eta Arantza hotelean gau bateko egonaldia irabazi du Alex Mugikak. Sari nagusiaz gain, Sandúa olioarekin egindako kaxuela onenaren saria ere jaso du sukaldari leitzarrak.

Bigarren eta hirugarren sariak Iruñeko Gastrobar Las Migas eta Taberna Cocotte jatetxeek eskuratu dute.

Nafarroako kaxuela txapelketa hirutan irabazteaz gain, 2015ean Euskal Herriko pintxo txapelketa irabazi zuen Mugikak eta iaz Espainiako tapa txapelketan txapeldunorde izan zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun