Saria Espainiako Nekazaritza Ministerioak sortu zuen 2010ean. Sari hori landa-eremuetako emakumeak aitzindari dituzten proiektu berritzaileak ezagutzera ematera eta baloratzera bideratuta dago; aitortu egiten du emakumeek landa-ingurunean egiten duten lana eta betetzen duten rol garrantzitsua, eta, halaber, emakumeak lan-munduan txertatzea sustatzen du.
Domiñari dagokionez, epaimahaiak galzorian dagoen arraza autoktono hori mantentzen abeltzainak egin duen lana baloratu du, ziurtagiri ekologikoa duen ustiategia errentagarri bihurtuta. Horrez gain, Domiñaren hautagaitzak babes ugari jaso ditu; besteak beste, Cederna Garalur Elkartearena, Goizuetako udalarena, CPAEN/NNPEKena eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko Kontseilaritzarena.
Maite Sanchezek 2000. urtean sortu zuen "Domiña Abeltzaintza Ekologikoa" izeneko azienda-ustiategia, Betizu arrazako behiak hazten dituena. Betizu arraza erdi-libre bizi den "Europako azken behi-arraza basa" da. 2012an ustiategia 40 behirekin egonkortzea lortu zuen, eta aldi berean, ustiategi ekologikoaren ziurtagiria jaso zuen, CPAEN/NNPEKen abalarekin. Bestalde, Maite Sanchezek bere jarduera dibertsifikatu du, Goizuetan haren behien kalitatearen erakusleiho den taberna-jatetxea irekita; behikia menuaren barruan jarri du, eta pakete txikitan ere saltzen du.
Landa Berrikuntzaren Bikaintasunerako VIII. Sariak, Maite Sanchez ez ezik, beste hiru emakume ere saritu ditu honako arlo hauetan; Dibertsifikazio ekonomikoan, Komunikazioan eta Landa-eremuetako Emakumeen Berrikuntza Sari Berezian. Saridun guztiek urriaren 19an jasoko dituzte sariak, nekazaritza-ministro Isabel Garcia Tejerinaren eskutik, Madrilen, Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioaren egoitzan, eginen den ekitaldian.