Oihana Iguaran izan da onena Bertsolari Txapelketa Nagusiko Leitzako saioan

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 2a, 13:05
Oihana Iguaran kantari, Leitzako oholtzan, beste bost bertsolariak atzean dituela. Argazkia: Gari Garaialde. Iturria: XDZ

1.200 ikus-entzulek bete zuten udal kiroldegia igande arratsaldean 

Asteburu honetan Bertsolari Txapelketa Nagusiak bi final laurden izanagatik ere, igandean ere bertsozale ugari hurbildu da Leitzan jokatutako txapelketaren hirugarren saiora. 1.200 ikus-entzule inguruk jarraitu dute Oihana Iguaran, Julio Soto, Agin Laburu, Oihana Bartra, Unai Agirre eta Iñaki Apalategi bertsolarien jarduna, Maider Ansak gidatuta.

 

Orden horretan aritu dira eginbeharreko lanak betetzen –binaka hiruna bertso zortziko handian; binaka hiruna bertso zortziko txikian; banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian; binaka hiruna bertso hamarreko txikian; eta, azkenik, kartzelako lana-. Igandeko azken bakarkako gairako Maider Ansak aurkeztutakoa, hauxe: "Zure giltza sortatik, giltza ateratzen ari zara". Udaleko bere kargua uzten ari denaren paperetik aritu da Iguaran; bikotekidearekin harremana eten berri duenaren gisan Soto; gurasoen etxetik doanaren larruan jarri da Laburu; sosik gabe etxera itzultzen denaren ahotik, aitzitik, Bartra; eta etxerik gabe geratu direnen gorputzetik Agirre eta Apalategi.

 

Sailkapena

Oihana Iguaranek lortu ditu puntu gehien Leitzako saioan: 714, hain zuzen. Haren ondotik, hauxe izan da puntuazioa: 686 Agin Laburuk, 685 Iñaki Apalategik, 678,5 Julio Sotok, 674,5 Unai Agirrek, eta 619,5 Oihana Bartrak. 

Honenbestez, Durangon azaroaren 12an jokatuko den finalaurrekoan izango da Oihana Iguaran; Aitor Mendiluze izango du bertsokide, oraindik zehazteke dauden beste lau bertsolarirekin batera.

Leitzako Udalak eta Leitzako bertso eskolak emandako babesa eskertu ditu Bertsozale Elkarteak, hala nola, elkartearen urte osoko jarduera babesten duten erakundeak eta hedabide laguntzaileak.

Larunbatean, bertze finalerdia jokatu zen Seguran. Honetan, Jon Martin oiartzuarra gailendu zen. 673,5 puntu lortu zituen Jon Martinek; 665,5 Nerea Elustondok; 655,5 Beñat Iguaranek; 629,5 Ander Fuentes "Itturri"k; 620 Unai Gaztelumendik; eta 594 Felix Zubiak.

 

Final laurdenak, erdi bidean

Hiru final laurden jokatuta, beste hiru daude jokatzeke. Zallan eta Zumaian izango dira hurrengo hitzorduak eta www.bertsosarrerak.eus atarian eskura daitezke sarrerak. Alaia Martin, Jon Martin eta Oihana Iguaran izango dira finalaurrekoetan kantuan, aurrez sailkatuta zeuden Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza eta Maialen Lujanbio bertsolariekin batera. Gainerako parte-hartzaileak datozen asteetan ezagutuko ditugu.

Saiokako puntuazioak, gaiak eta sailkapen orokorra ikusgai dituzue txapelketaren atarian bertan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun