Leitzuliaren bigarren edizioa larunbatean izanen da

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 29a, 13:42

Antolatzaileek salgai jarritako 300 dortsalak banatu dituzte

Mendi bizikletaren gainean gozatzeko aukera izanen dute zaleek irailaren 30ean. Aurrera Elkarteko Mendibil BTT taldekoek bigarrenez antolatu dute Leitzulia, 42 kilometro eta 1.400 metroko desnibel metatua duen ibilbidea osatuz. Parte-hartzaile kopuru handia espero dute, antolatzaileek salgai jarritako 300 dortsalak banatu dituzte eta.

 

09:00etan Leitzako plazatik abiatuko dira eta 42 kilometroak egin ondotik plazan izanen dute helmuga. Plazaolatik barna eginen dituzte lehenbiziko kilometroak baina hortik aurrerakoak Leitzako kaxkoak zeharkatuz osatu beharko dituzte. Ez da proba lehiakorra eta guztia mendiko xenda eta basoetan barna izanen da, errepiderik ia zapaldu gabe. Bidean, edariak eskainiko dizkiete parte-hartzaileei bi puntutan, Basakabin eta Uitziko gainean eta helmugan ere ez dira jan-edanak faltako.  Parte-hartzaileen erosotasunari begira, dutxak, bizikletak garbitzeko mangerak, aparkalekuak... prestatuko dituzte.

Herrian bertan ere, bizikleta gainera igo gabe, izanen da gozatzeko aukera. 11:00etatik aurrera Trial Sin erakustaldia eskainiko dute Iker Gomez, Iker Rodriguez eta Unai Gomezek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun