Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdenetako saioa urriaren 1ean izango da Leitzan

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko ira. 29a, 07:50

Segurako final laurdenetako saioan kantatuko du larunbatean Itturi zubietarrak.

Bezperan, Seguran izanen du saioa Ander Fuentes ‘Itturri’ zubietarrak 

Urriaren 1ean, igandean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdenetako kanporaketa jokatuko da Leitzako Udal Kiroldegian. 17:00etan hasiko da saioa eta Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Julio Soto, Oihana Bartra, Oihana Iguaran eta Unai Agirre ariko dira kantuan. 

 

Helduen sarrera 12 euro kostako da, 6-16 urte artekoek 6 euro ordaindu beharko dituzte  eta bertsozale elkarteko kideek 10. Saio honetako irabazlea azaroaren 12an Durangon jokatuko den finalaurreko saiora pasako da eta besteak puntuazioaren arabera erabakiko dira.  Finala Barakaldoko BEC aretoan izanen da abenduaren 17an.

Txapelketa Nagusiko saio honekin batera, bestelako plana egiteko aukera ere eskainiko dute Leitzan. Iñaki Perurenak ‘Harria. Maitasun istorioa’ kontakizuna eta erakustaldia eskainiko du Peru-Harrin igande eguedian. Lehenago, 10:30ean, bisita gidatua eginen du Peru-Harrin.

 

Irailaren 30ean Seguran kantatuko du Itturrik

Ez da asteburu honetan jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko saio bakarra izanen. Irailaren 30ean, larunbatean 17:00etan Segurako Baratze pilotalekuan izanen da bertze final laurdena, eskualdeko bertsolari baten parte-hartzearekin: Ander Fuentes ‘Itturri’ zubietarrak kantatuko du, Beñat Iguaran, Felix Zubia, Jon Martin, Nerea Elustondo eta Unai Gaztelumendirekin batera.

Egun horrekin batera, Bertso Eskolen Eguna ere ospatuko dute Seguran,Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak prestatuta. Elorripe herriko tabernan emanen zaio hasiera egunari, 12:30ean. 14:00etan bazkaria eskainiko da plazan, Iparra Hegoaren eskutik, eta bazkalostean, Bertsotruk bertso eskolen arteko desafioen hirugarren edizioa aurkeztuko dute parte-hartzaileekin.

Segidan, Bertsolari Txapelketa Nagusiko final laurdeneko saioari egingo zaio bide, eta hura amaitzean, Bertso Eskolen Egunak jarraipena izanen du: 20:00etan, afari mokadua eskainiko du Elorripe herriko tabernak eta Julene Otaegi eta Jone Uria trikitilariek girotuko dute otordua. 23:00tan, eMePebo5t taldearen kontzertuak borobilduko du eguna.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun