Taloaren bueltan egun osoko pesta izanen dute igandean Leitzan

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 15a, 07:52

Villabona eta Saralegi talogileek urtero bezala jarriko dituzte talo postuak.

Leitzako XIII. Talo Eguna goizean goiz hasiko da, 10:00etan azokak ateak irekitzen dituenean. Bertan herriko talogileekin batera, artisauen postuak eta tresneria zaharrak egonen dira ikusgai, baita ostalariek taloa erabiliz egindako plater bereziak ere. 13:00etan eskualdeko talo lehiaketa eginen dute eta 18:00etan lehenengoz antolatu duten irrintzi lehiaketa.

 

Bi lehiaketetarako izen-ematea egunean bertan egin beharko da, 11:00etatik aurrera Karrapean. Irrintzi lehiaketan bi modalitate egonen dira: gazteak, 14 urtera artekoak, eta helduak, 15 urtetik gorakoak. Gainera, giroan sartzeko, irrintzi lehiaketako parte-hartzaileeikKarrapean bazkaltzeko aukera izanen dute.  Talorik goxoenak saria izanen du eta baita irrintzi lehiaketako lehenbiziko hiru sailkatuek ere. Irrintzi lehiaketa bukatutakoan eginen dute bi lehiaketetako sari-banaketa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun