Goizuetako udal ikastaroetan izen emateko epea irailaren 22an bukatuko da

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 13a, 07:22

Eskulan ikastaroan egindako lanekin erakusketa egin ohi da urtero.

Eskulanak, Jumpfit, pilater eta total training/crosfit eskainiko dituzte aurten

Ekainean webgune bidez egindako inkestaren emaitzetan jasotakoari erantzunez, herritarren eskaerak kontuan hartu eta beraien nahiak ziren ikastaroen aurrekontuak eskatu ditu Goizuetako Udalak. Eskulanez gain, ikasturte honetan, jumpfit, pilates eta crosfit ere eskainiko dira urritik maiatzera. Izen emateko epea irailaren 22an, ostiralean bukatuko da.

 

Gutxienez 8 pertsonek eman behar dute izena taldea ateratzeko eta ikastaro guztiek plaza kopuru mugatua dute, 12 pertsona. Gehiagok izena emanen balute, beste talde bat aterako litzateke, betiere beste 8 pertsona egonez gero.

Eskulan ikastaroa ostiraletan emanen da Medikuaren etxean 16:30etik 19:00etara. 28 saio eginen dituzte eta prezioa 213,75 eurokoa da.

Jumpfit ikastaroa (tranpolin baten gainean musitaren erritmoa jarraituz saltoak eta ariketak eginez burutzen den zuzendutako jarduera) asatelehen eta asteazkenetan 17:30etik 18:30era eginen dute dantzen lokalean. Prezioa 312,15 eurokoa da eta 55 saio eskainiko dituzte.

Pilates ikastaroa bi ordutegi ezberdinetan eskainiko da dantzen lokalean, goizez edo arratsaldez. Astelehen eta asteazkenetan, 10:00etatik 11:00etara eta astelehen eta asteazkenetan, 18:30etik 19:30era. Prezioa 216,50 eurokoa da eta 55 saio eginen dituzte.

Total training/crosfit ikastaroa (gainkargen eta autokargen bitartez egiten den entrenamendua), azkenik, astelehen eta asteazkenetan eskainiko da 19:30etik 20:30era, zehazteke dagoen lekuan. 55 saioa eginen dira eta prezuoa 216,50 eurokoa.

Izena emateko 16 urte eduki behar dira eta epez kanpo ez da izen ematerik onartuko. Zortzi ikasle baino gehiagok ematen badute izena prezio merkeagoa izanen da. Ordainketa bi zatitan eginen da, urrian eta urtarrilean.

Informazio eskuorriak herriko leku publikoetan eskuratu daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun