Zazpigarren Stock Azoka antolatu dute larunbaterako Leitzako komertzianteek

Ttipi-Ttapa 2017ko ira. 7a, 12:33

Zazpi komertziok jarriko dituzte postuak

Irailaren 9an, larunbatean, plazara aterako dituzte udaberri-udako salgaiak Leitzako zazpi merkatarik. Kaxkabeltza Elkarteak antolatuta, zazpigarren stock azoka eginen dute eta deskontu bereziak eskainiko dituzte. Eguraldi ona egiten badu, 10:00etatik 19:30era egonen dira herriko plazan eta eguraldi txarra egiten badu, azoka bi egunez luzatu eta larunbat eta igandean frontoian jarriko dituzte postuak.  

 

Ariztela, Leitza kirolak, Garbi, Kapritxo, Biok, Kulunka eta Bi pauso izanen dira azokan parte hartuko dutenak eta kirol arropa eta materiala, oinetakoak, osagarriak eta jantziak jarriko dituzte salgai. Gainera, azokan erosketak egiten dituztenek sariak irabazteko aukera ere izanen dute. Lopenea ostatuan bi otordu eta Belarra belar dendan masaje bat zozketatuko dituzte. Parte hartzeko 20 euroko gutxieneko erosketa bat egin beharko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun