Leitzako Udalak arreta berezia jarri nahi du festa giroan eman daitezkeen eraso sexisten inguruan. Izan ere, pestetan dena ez da onargarri eta jaietan errespetuz jokatzeko eskatu nahi die herritarrei.
Kanpaina honen barruan Udaletxeko fatxadan “Errespetuzko harremanak gustatzen zaizkigu” lona zintzilikatu du. Horrez gain, intentsitate handiko zein txikiko erasoak identifikatzeko kartel eta euskarriak sortu ditu Berdintasun Batzordeak.
Emakumeon kontrako indarkeriari aurre egitea instituzioen eta herritar guztion ardura da. Edozein eraso sexistaren aurrean jarrerak aktibo izan behar dugu. Udaletik dei egiten dute edozein eraso sexisten aurrean, eragile politikoek, sozialek eta kulturalek ere, jarrera aktiboa izan dezaten.
Hori dela eta, Leitzako Udalak hainbat eragilerekin batera, berdintasunaren eta eraso sexistarik gabeko herri baten aldeko lanketan beste urrats bat eman eta eraso sexistei aurre egiteko protokoloa landu dute.
Esan bezala material desberdina sortu da intentsitate txikiko erasoak ere identifikatzeko (ukipenak, komentario sexistak…) edo eraso baten aurrean erasotuak edo erasoa ikusi duenak nola jokatu jakiteko.
Horrekin batera, Berdintasun Batzordetik “EZETZA BETI DA EZ” kanpaina jarri du abian eta jai-gune eta tabernatan esku moreak eta irudi berbera duen mahai-zapiak banatu ditu. Herritarrei dei egiten die kolkoan jar ditzaten berdintasunaren alde eta eraso sexisten aurkako beren jarrera adierazi dezaten.
ERASO BAT JASAN EDO IKUSI BADUZU TELEFONO HAUEK ERABILI:
- Informazioa 016
- Arreta protokoloa 012
- Salaketa judiziala 948 564 614
- Salaketa soziala (Berdintasun arduraduna): 686 660 812