Pestetan ere jarriko du bere apurra Mikelek, pesta batzordean lanean aritu baita azken hilabeteetan: «otsail aldean hasi ginen lehendabiziko bilerak egiten. ALKEko ordezkari bezala nago ni eta gure taldea txakolin dastaketa antolatzeaz arduratzen da. Gero denek bezala, behar denean laguntzen dugu, pestak denen artean egiten direlako».
EGUNEAN EGUNEKOAZ GOZATUZ
Pestazalea ere badela aitortu digu: «nire burua definitzen hasitakoan horixe da burura datorkidan lehendabiziko gauzetako bat». Horregatik, egutegiari gogotsu begira jarria dago dagoeneko, abuztuaren 5a burutan: «pesten aurreko asteburuan hasten gara motorrak berotzen, reparto gauarekin. Kuadrillako afaria izaten dugu, aurreneko parranda eta rodaje pixka bat egiten hasteko primeran etortzen da». Biharamunean umeen eguna izaten da «baina nahikoa lan izaten dugu guk ajeari aurre egiten... iluntzean pote pare bat hartu eta horrekin nahikoa».Pestak ailegatzen direnean berriz, egunean egunekoaz gozatzen ahalegintzen da «10ean txupinazoaren ondoren hasi eta ahal den ekitaldi guztietara joaten naiz. Egunez edo gauez izan... Batzuetan besteetan baino komeria gehiago izaten ditut baina horregatik ez naiz etxean geratzen».
EKITALDIRIK BEREZIENA
Pestetako ekitaldirik berezienaz galdetuta, berehala eta inongo zalantzarik egin gabe eman du erantzuna: «Ezpatadantza bai edo bai ikusi beharreko ekitaldia da. Oso gutxitan huts egin dut eta orain dela bi urte neskak dantzatzen hasi zirenetik oraindik eta politagoa da». Neskek pausoa emanen zutela espero zuten, «mundu guztiak genekien denborarekin zer pasa behar zuen baina momentu berezia izan zen. Jendea pozik geratu zen, naturaltasun osoz eman zen aldaketa eta hori harro egoteko modukoa da». Ezpatadantzarien saioagatik izanen da agian, baina egunik bereziena ere Santiburtzio eguna da beretzat «oso gustuko dut. Ezpatadantza ikusi, bermuta hartu eta bazkarien ondoren, arratsaldean plaza eta taberna inguruan sortzen den giroa berezia izaten da».
GAUTXORIEN PARADISU
Leitzako pesten beste bereizgarrietako bat da, gautxorientzat toki aproposa izatea: «parrandak oso luzeak dira, ez dago etxera bueltatzeko ordurik, tabernak ez direlako beste herri gehienetan bezala zazpietarako isten. Nahi baduzu eguerdiko hamabiak arte egon zaitezke pestan».
GIROAN ALDAKETA
Edozein moduz, gaueko giroa zertxobait aldatu dela uste du: «garai batean egun guztietan egoten zen parranda ederra, orain jendeak pesta eta deskantsua tartekatzen ditu. Nahi duenak, egunero izanen du aukera baina abuztuaren 10, 12 eta 14an biltzen da orain jende gehiena». Aurten jai-egunak egun seinalatuetatik hurbil direnez, ikusi beharko da jendeak zer egiten duen: «abuztuaren 11 ostirala da eta 13 igandea izanda... garai batean bezala egunero ibiliko da agian jendea».
OHIKO EKITALDIAK ETA BERRIAK
Pestetako egitarauari errepasoa emateko ere eskatu diogu eta dantzariak, herri kirolak, bertsolariak, haurrentzako jolasak... urtero errepikatu eta arrakasta duten hainbat ekitaldi aipatu ditu: «ekitaldia edozein dela ere, egunez bete egiten da plaza». Gauetan, ordea, iraganean geratu da plaza dantzariz betetzen zen garaia «plazako taldea ikustera bueltaren bat egin arren, tabernan bukatzen dugu gero. Argi dago, gehiago nagusitzen dela orain taberna giroa». Horri buelta eman nahian edo, aurtengo berrikuntzen artean Oihan Vegaren kontzertua aipatu beharko, «orain artean egunero izaten zen erromeria eta DJ-en bat egon izan denean, euskal giroko Dja izan da. Ikusiko da jendeak aurten nola erantzuten duen». Ez da hau aurtengo pestek dakarten berrikuntza bakarra, abuztuaren 14an arratsaldean Dirt Jump bizikletako saltoen ikuskizuna izanen da aurten estreinakoz».
EGUNEKO GIROA INDARTU
Egitarauaren ingurua galdetuta, «egunez giroa indartzeko zerbait falta dela uste dut». Plazan zerbait bada, «ikuslerik ez da falta izaten baina ikusle izatetik haratago, jendea pestaren parte izatea garrantzitsua da eta horretarako moduak bilatu behar dira». Berak badu proposamena: «herri bazkari gehiago eginen nituzke eta arratsaldean erromeriaren bat antolatu. Jendea garai batean bezala plazan dantzan gustura aritzeko».