Torreari gehitutako elementu moderno batzuk kendu dituzte eta azpian zeramika arrastoak topatu ditu Iñaki Sagredoren taldeak. XVI. mendetik XX. mendera artekoak dira gehienak, eta piezak osatzeko asmoa dute gerora bisitariei erakusteko.
Inguruko lurretan drenaketa lanak egin dira horrela eraikinaren oinarria gehiago ez kaltetzeko. Barruko abeak eta egurrak nahiko hondatuak daudenez kendu eta karbono 14 arekin datatu nahi dituzte. Honekin batera inguruko hainbat puntutan ere dataketa hori egin nahi dute.
Ingurua berreskuratu baina ahalik eta gutxien aldatzeko ahaleginak eginen dituzte eta natur ingurunea errespetatzekoa. Olazaharrean txukunketa lanak ere abiatu nahi dituzte, garbiketa lanak eginez eraikina bistaratu eta berriro hondatu ez dadin. Berrikuntza lan hauek eginda galtzeko arriskuan zegoen ondarea babestu eta biziberrituko dute, historiaren zati bat gordez.
Hitzarmena
Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusia-Bianako Printzea Erakundeak hitzarmena sinatuko du Leitza eta Goizuetako udalekin Iberoko dorrea zaharberritzeko, baita sarbidea eta bisitak errazteko. Hitzarmena, Ana Herrera, Nafarroako Gobernuko Kultura, Kirola eta Gaztedia Departamenduko kontseilariak, Mikel Zabaleta Leitzako alkateak eta Unai Loiarte Goizuetako alkateak sinatuko dute. Leitza eta Goizuetako udalek Iberora sarbidea erraztuko dute, bidaxken bidez eta aparkalekua egokituz, auzolanean.