Errespetuz Blai prebentzio kanpaina abiatu du aurten ere Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 14a, 10:15

Kanpainan erabiliko den irudia.

Udako jai guneetan 10 pegatina mota eskura izanen dituzte gazteek

Jadanik uda eta herrietako jaiak hurbiltzen ari zaizkigu eta Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik eta Ultzamaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatetik martxan jarri du aurtengo prebentzio kanpaina ERRESPETUZ BLAI izenburuarekin. Festetan errespetuzko harremanei buruzko kanpaina da, gazteei zuzendua.

 

Kanpainaren izenburua aipatzen duen bezala, jai guneak errespetuz blai guneak izatea nahi dute.

Kanpainak hiru lerro garrantzitsuak ditu:

  • Gehiegizko kontsumoak ekiditzea kontsumo arduratsua bultzatuz.
  • Emakume eta gizonek baldintza berdinetan disfrutatzea, eraso sexisten prebentzioan arreta jarriz. Maizetan arlo hauetan emakumeen duintasuna eta askatasunarekiko begirunea ez dira betetzen.
  • Teknologia berrien zentzuzko erabilera areagotzea. Mementuzko egoeraz disfrutatzeaz eta momentua bizitzeaz animatu nahi dituzte, mugikorrak eta teknologia berriak alde batera utziz eta jai guneko giroan murgilduz.

 

Aurtengo kanpainari beste kutsu bat eman nahi zion Mankomunitateak, “interaktiboagoa izatea nahi genuen, hau da, jendearen parte hartzea lortzea, gazteek kanpainaren zati bat izatea eta kanpainan inplikatzea. Horregatik, jolas bezalakoa asmatu dugu”.

Udako jai guneetan 10 pegatina mota izanen dira eskura aipatutako 3 ildo horien gaien inguruan. Pertsona bakoitzak erabakiko du zer motakoa jarri nahi duen. “Zer pegatinak definitzen du hobe nire egoera edo nire nahiak?” Hori aukeratu eta ikusgai jarri. Adibidez, “gaur dantzatu nahi dut” edo “gaur jolastu nahi dut”. Mozkordoiak ez badituzu gustuko hau aukeratuko duzu: “Mozkordoirik ez!”. Aldiz, ligatzeko gogoarekin egonez gero hau hautatuko duzu: ”Ligatzeko prest!” Lagunak beti whatsapp-ek zer esaten duen pendiente egoteaz nazkatua bazaude, hau eraman dezakezu: “Aparkatu mugikorra… eta begietara begiratu”.

Kanpaina abian jarri zen Larraintzarreko Rugby Gaupasa (maiatzaren seian) eta arrakasta handia lortu zuen. Orain ikusiko dugu Leitzaldean nola funzionatuko den, Aranoko festan martxan jarriko da.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun