Festetan entzun nahi diren abestiak aukeratzeko lehiaketa deitu dute bigarren urtez Goizuetan

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 5a, 12:13

Gizarte Zerbitzuen eskutik, dibertigarriak, dantza egiteko modukoak eta giro ona sortzen duten abestiak uztailaren 31 arte proposa daitezke

Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko Goizueta-Aranoko Prebentzio Batzordeak “Zuk aukeratu zuk dantza egin” lehiaketa antolatu du bigarren urtez, uztailaren 10etik 31 arte. Tratu onak eta harreman onak zabaltzeko Bhutan Proiektuaren barrenean dago jarduera hau. 

Lehiaketaren helburua da abesti bilketa bat egitea. Prebentzio Batzordetik jakinarazi dutenez, «denon artean erabaki nahi ditugu festetan entzungo diren abestiak. Dibertigarriak, dantza egiteko modukoak eta giro ona sortzen duten abestiak izanen dira, eta ez erasotzaileak». Edonork bidal ditzake nahi dituen abesti guztiak hilabete bukaera bitarte.

Joan den urtean 60 abesti inguru jaso zituzten eta «aurten kopuru hau eta gehiago lortu nahi dugu. Abestiaren doinua berdin zaigu,  letrak esaten duena eta sentiarazi duena da gehien importatzen zaiguna», diote Prebentzio Batzordetik.

Abesti guztiekin eta iaz atera zirenekin pendribe bat sortuko da eta zabalduko da festetako leku desberdinetan: Gaztetxea, txoznak…

Parte hartzaileek mezu bat bidali behar dute honako bideak erabiliz. Telefonoa (whatsap) bidez, 681 265188 zenbakira deituz; Facebook (Laga Gizarte Zerbitzua) edo Twiterra (Laga Gizarte Zerb). Mezuan agertu behar dira pertsonaren izena eta kontaktua, abestia eta abeslaria edo taldea eta nahi izanez gero, abestia bidaltzea ere posible da.

Hiru sari izanen dira: lehenbizikoa, 90 euroko balioa duen kontzertu baterako sarrerak; eta bigarrena eta hirugarrena, Elkar dendetan gastatzeko 30 euroko txartel bana.

Sariak abuztuan, festetan banatuko dira. Halere,  antolatzaileek posta elektroniko edota telefono bidez emanen dute irabazlearen berri.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun