Euriari aurre eginez ‘Goizuetan bada’ antzerkia arrakastatsua izan da

Ttipi-Ttapa 2017ko uzt. 3a, 11:35

Antzezlanaren agerraldietako bat, Yandeneko atarian.

Landarte programaren baitan Olatz Beobidek zuzendutako antzezlanean ehun goizuetarrek baino gehiago parte hartu zuen

Nafarroako Gobernuak sustatutako Landarte programaren baitan, Olatz Beobideren zuzendaritzapean Goizuetan bada herri-antzerkia antzeztu zuten uztailaren 1ean, larunbat arratsean Goizuetan. Herritarrek duela 27 bat urte antzeztutako Trabuko lanaren bertsio berritua estreinatu zuten, euriari aurre eginez.

 

Antzerki-ibiltaria izan zen: plazan hasi eta Yandenean (argazkian), Goiko Iturrin, Irisarriko frontoian eta berriz ere plazan egin zituzten saioak, zortzi agerraldi denera. 9-10 urteko neska-mutiko kozkorretatik hasi eta 85 urteko beteranoenak bitarte aritu ziren eta Umore Ona abesbatzak eta dantza taldeak ere parte hartu zuten ikuskizunean. Emanaldia borobiltzeko, 250 lagun baino gehiago bildu ziren frontoian egindako zekor-jatean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun