Leitzako Herri Aretoaren proiektua babesteko sinadura kanpaina jarri dute martxan

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 26a, 08:21

Leitzako zinema zaharra herri areto bihurtu dadin, sinadura kanpaina herritarra jarri dute abian.

Udalak zinea moldatzeko lanen memoria aurkeztu du

Leitzako zinea oso zaharkituta dagoela gauza jakina da; baita Leitzan dagoen kultur ekimen eta sormenerako azpiegitura egoki baten beharra ezinbestekoa dela ere. Leitzako Udalak zinea moldatzeko memoria eta aurrekontua prestatu ditu eta Nafarroako Gobernuarekin lanean ari bada ere, herri ekimen bat jarri da martxan, Herri Aretoa egokitzeko diru-laguntza eskatuz.

 

Funtzio-anitzeko aretoa
Udalak dagoeneko zinean egin beharreko moldaketa lanen memoria (aurreproiektua) aurkeztu du Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritzan.Garran­tzia handia ematen dio Udalak gaur egun zine aretoa kokatzen den eraikinari: «garapen sozial eta kulturalerako erre­ferentea izan da he­rrian. Arazo asko ditu irisgarritasun arauak betetzeko, hezetasunak ere kalteak eragiten ditu urtero eta isolamendu termiko ezak energia galera handiak sor­tzen ditu. Erreforma eta moldaketa lanak eginez gero, gaur egun dituen arazoak konpontzeaz gain, aukera dago zine aretoari beste izaera bat eman eta funtzio-ani­tzeko areto bihurtzeko.
Nafarroako Gobernuan aurkeztutako ­aurre-proiektuak eraikina kanpotik eta barrutik hobetzeko proposamenak biltzen ditu: teilatua konpondu, fatxa­dak eta kanpo arotzeria moldatu, desnibelak kendu, eraikinaren distribuzioa egokitu, ibilbideak egokitu eta arrapalak eta igogailua jar­tzea. Gainera, instalazioak eguneratzeko ere probestu nahi dute,  grada teleskopikoak eta proiektore digitala jarriz.

1,2 milioi euroko aurrekontua
Aurkeztutako proposamenaren aurrekontua 1,2 miloi eurokoa da eta egitasmo hau bideragarria izateko beste ins­tituzioen parte hartzea «ezinbestekoa» dela azaldu du Udalak «hori dela eta, hainbat lan aurre­ratu ditugu: azterketa teknikoa eta aurreproiektua egin,  herriko errealitate kultural eta soziala jasotzen duen txostena osatu...». Bes­te instituzio batzuei ere elkarlana eskatu diete.


Sinadurak non?
Proiektuari bultzada emateko, orain herri ekimenetik sinadura bilketa abiatu dute herri aretoaren alde. Kanpainarekin bat egin nahi duenak, Astiz eta Maimur liburudendetan, Ogibe­rri, Zortziko eta Atseden-Gozo okindegietan, igerilekuan, Udaletxean eta Osasun Etxean sinatu dezake, herritar guztientzako izanen den eraikinaren alde eginez.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun