Ekainaren 23an, ostiralarekin, ospatuko da Sanjuan bezpera. Arratsaldean 16:30ean haurrentzako meredola eta gero jolasak izango dira. Iluntzean, herri afaria egingo da plazan, eguraldiak lagunduko ez balu karrapean. Ohikoa denez, bakoitzak etxetik ekarriko du bere afaria. Afalondoan suak piztu eta suaren bueltan dantzan eta saltoka ibiltzeko aukera izango da.
Sanpedroetan hiru eguneko pesta
Urtetako ohiturari eutsi eta lagunarteak prestatu du sanpedroetako egitaraua. Ekainaren 29an, osteguna, meza eta ondoren merienda izango da. Ekainaren 30ean, ostirala, trikitilariek girotuko dute arratsaldea, 17:00etatik aurrera. Lehenbiziko arin arinak dantzatu ondoren, abiatuko dira gazteak herriko eskea egitera, 18:00ak aldera eta herriko itzulia egin ondoren, Lagunartekoek afaria izango dute elkartean.
Uztailaren 1ean, larunbatean, gosariarekin indarrak hartuko dituzte Lagunartekoek eta 11:00etan baserrietako eskeari ekingo diote. 18:00etan sagardo dastaketa eta pintxoak eskainiko dituzte plazan eta 19:30ean Tolosako Udaberri dantza taldeak emanaldia eskainiko du. 21:00etan herri afaria: entsalada, oilaskoa patatekin, izozkia, kafea eta kopa. Bukatzeko 23:00etan erromeria Gozo Gozo taldearekin.