Leitzako zine zaharra bisitatu dute Nafarroako Parlamentuko ordezkariek

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 12a, 09:28

Nafarroako Parlamentuko Kultura, Kirola eta Gazteria Batzordeko ordezkariak, Mikel Zabaleta alkatearekin eta Julian Zabaleta zinegotziarekin.

Azpiegiturak dituen arazoak bertatik bertara ikusi dituzte

Nafarroako Parlamentuko Kultura, Kirola eta Gazteria Batzordeko ordezkariak etorri ziren Leitzara ekainaren 9an. Zine zaharra bisitatu eta azpiegiturak dituen arazoak bertatik bertara ikusteko aukera izan zuten. Udalak eraikina moldatzeko premiaz ohartarazi zien «eraikinak dituen arazoak konpondu eta funtzio-anitzeko areto bihurtuko balitz, herrian kultur zaletasunari eta sormenari eusteko tokia izanen genuke».

 

Udalak dagoeneko aurkeztu du zinean egin beharreko moldaketa lanen memoria Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritzan. Parlamentarioen bisita zine zaharra bertatik bertara erakutsi eta gaur egun azpiegiturak dituen arazoak azaltzeko baliatu zuten. Udalak jakinarazi duenez, «herriarentzat garrantzitsua da baldintza duineko zine areto bat izatea. Izan ere, urte askoan garapen sozial eta kulturalerako erreferentea izan da zine zaharra». Gaur egun, ordea, eraikinaren egoera ez da ona eta hainbat baldintza ez ditu betetzen: «arazoak daude irisgarritasun arauak betetzeko, hezetasunak ere kaltea eragiten ditu urtero-urtero eta isolamendu termiko ezak energia galera handiak sortzen ditu».

Erreforma eta moldaketa lanak eginez gero, «gaur egun dauden arazoak konpontzeaz gain, aukera dago zine aretoari beste izaera bat eman eta funtzio-anitzeko areto bihurtzeko. Leitzan dagoen kultur zaletasun eta sormenari eusteko modua litzateke. Horrelako areto batek, herrian betidanik egon den kultura, sormen eta ekimen grinak asetzeko balioko luke». Leitzako Udalak argi adierazi die Parlamentariei ez dutela azpiegitura berri bat edota handikerietan dirua gastatzerik nahi «orain arteko ibilbidean erakutsi dugun moduan, herrian dauden baliabideak ahalik eta modu eraginkorrenean moldatu eta baldintza egokietan edukitzea da Udalaren nahia». Mikel Zabaleta alkateak eta Julian Zabaleta zinegotziak egin diete harrera parlamentariei eta bisitaren balorazio positiboa egin dute «Nafarroako Gobernuaren aldetik ere erantzuna halakoa izatea espero dugu».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun