Nafarroako parlamentariek Leitzako zinema areto zaharra bisitatuko dute ekainaren 9an

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 8a, 12:19

Leitzako zineman egin beharreko moldaketen memoria aurkeztua du Udalak Nafarroako Gobernuan.

Leitzako Udalak zinean egin beharreko moldaketa lanen memoria aurkeztua du Nafarroako Gobernuan

Nafarroako Parlamentuko Kultura, Kirola eta Gazteria Batzordearen bisita jasoko dute Leitzan ekainaren 9an, ostirale goizean. Bisitaren helburua Leitzako zine zaharra bertatik bertara ezagutzea da. Udalak dagoeneko zinean egin beharreko moldaketa lanen memoria aurkeztu du Nafarroak Gobernuko Kultura Zuzendaritzan.

 

Garrantzia handia ematen dio Leitzako Udalak gaur egun zine aretoa kokatzen den eraikinari. Izan ere, garapen sozial eta kulturalerako erreferente izan baita herrian. Gaur egun, arazo asko ditu irisgarritasun arauak betetzeko, hezetasunak ere kaltea eragiten ditu urtero-urtero eta isolamendu termiko ezak energia galera handiak sortzen ditu.

Erreforma eta moldaketa lanak eginez gero, gaur egun dituen arazoak konpontzeaz gain, aukera dago zine aretoari beste izaera bat eman eta areto funtzio-anitzeko bihurtzeko.

Leitzako Udaletik ez dute azpiegitura berri eta handikietan dirua gastatzerik nahi. «Orain arteko ibilbidean erakutsi dugun moduan, dauzkagun baliabideak ahalik eta modu eraginkorrenean moldatu eta baldintza egokietan edukitzea da gure helburua», dio udalak ohar batean. Betiere, herritarren oinarrizko zerbitzuak aztertu eta lehentasunen arabera jorratuta.

Nafarroan, tamaina bereko herri bakarra edo bakarrenetakoa da Leitza garapen sozial eta kulturala aurrera eramateko funtzio anitzeko aretorik ez duena. Horrelako areto batek, herrian betidanik egon den kultura, sormen eta ekimen grinak asetzeko balioko lukeela uste du Udalak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun