Alvaro Ramos Peñak eta Irene Guembe Ibañezek irabazi dute Euskal Herria Mendi Erronkaren bosgarren edizioa

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 5a, 08:28

Irene Guembe Leitzako helmugara sartzen. Mendi Erronka ez ezik, Kilometro Bertikala ere irabazi zuen.

6:56:14 behar izan ditu Salamancako gizasemeak eta 8:30:08 Zizur Nagusiko emakumeak, 67 kilometroko mendi lasterketan

Salamancako Navafrías herriko Alvaro Ramos Peña nagusitu zen ekainaren 3an Leitzan hasi eta bukatu zen Euskal Herria Mendi Erronkaren bosgarren edizioan. 67 kilometroko mendi lasterketa egiteko 6 ordu, 56 minutu eta 14 segundo behar izan zituen. Emakumezkoetan, Zizur Nagusiko Irene Guembe Ibañez izan zen bizkorrena, 8 ordu, 30 minutu eta 8 segundoko denborarekin. Dortsala jasoa zuten 750 lasterkarietatik 633 atera ziren Leitzako plazatik, horietatik 22 emakumezkoak eta euriari eta behelainoari aurre egin zioten.

Gizonezkoetan, Ramosen atzetik, Arkaitz Muños bilbobtarrak (7:00:17) eta Manttaleko Unai Santamaria hernaniarrak (7:07:07) osatu zuten podiuma.

Emakumezkoetan, Guemberen ondotik, Alkizako Monica Grajera izan zen bigarren (8:51:24) eta Amaia Ochoa de Alda donostiarra hirugarren (9:40:02).

Eskualdeko korrikalariei dagokienez, Leitzako Iban Bengoetxea Cousillas izan da bizkorrena, hamabigarren sailkatu baita (7:37:55). Xabier Maritxalar lesakarra hemeretzigarren izan da (7:43:49) eta Mikel Altadill leitzarra hogeita batgarrena (7:45:40). 

Ibilbidearen barrenean egin den Kilometro Bertikalean, berriz, Uharte Arakilgo Jose Luis Beraza (00:54:37) eta Irene Guembe Ibañez bera (1:12:50) izan dira bizkorrenak.

Mendi Erronka Leitzako plazan hasi eta bertan bukatu da, 67 kilometroko ibilbidea osatu ondoren. Leitza –Pagozelai –Gaintza –Irumugarrieta -Unagako Putzua – Putzuzar -Iribaseko iturburua –Lekunberri –Iontza –Idiazabal -Jaundegiko borda gurutzatu dituzte, berriz ere Leitzara itzultzeko. Bidean 5 kontrol gune igaro eta tartean jan-edanerako 9 anoa gune izan dituzte indarrak hartzeko. 7.200 metroko gainbehera du proba honek eta tartean Kilometro Bertikala ere igaro behar izan dute Irumugarrietako igoeran, 3.600 metroko gainbehera positiboari aurre eginez. Irumugarrieta da hain zuzen ibilbideko punturik altuena 1.431 metrorekin eta Arribe baxuena 222 metrorekin.

 

Txapelketa konbinatua

Aurten, Euskal Herriko Mendi Federazioak Txapelketa konbinatua antolatu du, 3 proba ezberdin prestatuz. Apirilean izan zen lehenbizikoa, Aloñako proba lineala. Larunbatekoa bigarrena Euskal Herria Mendi Erronka Ultra Txapelketa. Eta irailean izanen da hirugarrena Beriaingo proba bertikala. Gaur Mendi Erronka irabazi dutenek, Alvaro Ramosek eta Irene Guembek txapelketa konbinatuko txaleko bana jaso dute Mendi Federazioaren eskutik.

 

Omenaldia

Mendi lasterketari ekin aurretik, EH Mendi Erronkako antolatzaileek omenaldia eskaini diote Juan Maria Feliú Dord mendizaleari. Garaikurra eman diote eta Leitzako Aurrera dantza taldekoek aurreskua dantzatu diete. Haren ibilbidea eta mendiarekin zein Euskal Herriarekin duen konpromisoa eskertu nahian eman diote aurtengo garaikurra, eta horrekin mendia eta Euskal Herria sustatzeko erronkan egindako ekarpena eskertuz.

Azpimarratzekoa eta eskertzekoa da egun hauetan lanean aritu diren laguntzaile guztien borondatea, ezinbestekoa izan baita haien parte hartzea guztia behar bezala prestatzeko. 450 boluntariok, bertakoek zein eskualdeko herritarrek, bat egin dute lasterketa honen antolakuntzan, eta guztiak aritu dira lanean gaur egun osoan, nola aurreko egunetan.

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun