Igandeko saioan, leitzarrarekin batera Xabier Zaldua, Donato Larretxea eta Joseba Otaegi aritu ziren eta bortz probetatik lau irabazi zituen Jon Rekondok eta bertzean bigarren izan zen. Lan guztiak burutzeko 17 minutu eta 53 segundo behar izan zituen Rekondok; bigarren izan zen Zumarragako Xabier Zalduak 19 mintuu eta 18 segundo, hirugarren izan zen Joseba Otaegi zizurkildarrak 20 minutu eta 48 segundo eta laugarren izan zen Donato Larretxeak 21 minutu eta 53 segundo.
Gazte mailan (23 urtez beheiti), berriz, Zigako Joxean Etxeberria II eta Oier Kañamares IV ariko dira Azpeitiako finalean eta gaztetxo mailan (19 urtez beheiti) Ioritz Gisasola Zelai III eta Xuban Kañamares V. Emakumezkoetan, Beintza-Labaiengo Irune Izkue eta Berako Nerea Sorondo ariko dira.