Ekainaren 3an 750 lasterkari abiatuko dira Euskal Herriko Mendi erronka betetzera Leitzan

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 29a, 08:39

750 lasterkari espero dituzte larunbatean Leitzan, Euskal Herriko mendi erronkan.

Bezperan lesioen inguruko hitzaldia eskainiko du Jokin Lizeagak eta proba abiatu baino lehen omenaldia eskainiko zaio Juan Maria Feliu mendizaleari

Azken hilabeteetako entrenamenduek ekainaren 3an emanen dute fruitua, Euskal Herriko Mendi Erronkaren eguna ailegatuko baita. 750 lasterkari espero dituzte Leitzan, bosgarren edizioan.

 

Ohikoa denez, bezperatik nabarituko da giro berezia Leitzan. Ekainaren 2an 17:00etatik 19:00etara eginen dute dortsalen banaketa eta  19:30ean zineman Jokin Lizeagak Lesioak kirol ibilbidean hitzaldia eskainiko du.

Ekainaren 3an 08:00etan hasiko da erronka plazan baina aurretik Juan Maria Feliu mendizaleari omenaldia eginen zaio. 67 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte-hartzaileek, 6 kontrol gune igaro eta tartean 9 hornidura-postu izanen dituzte indarrak hartzeko. 7.200 metroko gainbehera du probak eta Erron­karen baitan, Kilometro Bertikala ere jokatuko da Irumugarrietako igoeran, 3.600 metroko gainbehera positiboari aurre egin beharko diote. Irumugarrieta da hain zuzen ibilbideko punturik altuena 1.431 metrorekin eta Arribe baxuena 222 metrorekin. Sailkatzeko 13 orduz azpitik osatu beharko dute ibilbidea. 14:00ak aldera espero dituzte lehenbiziko korrikalariak eta sari banaketa 20:00ak inguruan izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun